Eurite gogorrak zirela eta, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak atzorako eta gaur goizalderako indarrean jarri zuen alerta laranja bertan behera utzi du gaur goizeko 6etan. Era berean, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak, egungo ibaien egoera eta euriari dagokion iragarpena kontuan hartuta, uholde planaren larrialdi aurreko fasea desaktibatu du. Izan ere,
Euskalmeten arabera, 60 litro pilatu daitezke lehen orduetan, baina egunak aurrera egin ahala gutxiago botako du eta, beraz, arrisku maila jaitsi egingo da. Atzo ere, espero ziren baino arazo gutxiago sortu zituzten euriteek eskualdean. Halere, horrek ez du esan nahi suhiltzaileek eta Babes Zibileko beharginek lanik izan ez zutenik, Urduliz, Berango eta Getxo udalerrietan, batez ere. Esate baterako, Areetako Negubide kalean, Gobela metro geltokitik gertu, zuhaitz bat behera etorri zen, auto bat zapaldu eta errepidea zein espaloia moztu zituela. Getxoko Larrañazubi auzoan, berriz, Gobela ibaiak maila horia erdietsi zuen goizean baina eguerdirako behera egiten hasi zen. Berangon, erreka bat ubidetik atera zen Eroski eta Kurtze parean eta ur-putzu handiak sortu ziren. Urdulizen, berriz, Butroe ibaiak Zabalbidea inguruan gainezka egin zuen, Segurtasun Sailak zabaldu zuenez. Halere, eskualde osoan ez zen zauriturik izan. Argazkian, hainbat lagun Zubilletan, Gobela ibaiari begira, artxiboko irudian.