Pagoa Zulueta Vazquez euskal preso politikoa igande honetan, azaroak 24, utziko du Darocako (Zaragoza) espetxea, gertukoek jakinarazi dutenez. Leioakoa
2005eko otsailaren 9an atxilotu zuten beste 13 herritarrekin batera, "badaezpadako" sarekadan. Atxilotu eta lau egun beranduago, fiskalak eskatuta,
Baltasar Garzon epaileak Zulueta espetxeratu zuen. Atxilotu guztiek, Espainiako Polizi Nazionalaren eskuetan inkomunikatuak izan ondoren, torturak salatu zituzten. Ia bi urte espetxeratuta egon ondoren, 2007ko urtarrilaren 24an atera zuten leioaztarra Aranjuezen dagoen Madril VI espetxetik, 12.000 euroko fidantza ordaindu eta gero. 2009ko azaroaren 11n, ordea,
berriro espetxeratu zuten.
2009ko uztailaren 10ean kaleratutako epaian ETAri laguntza eman izana leporatu zion Espainiako Auzitegi Nazionalak Zuluetari, sei urteko espetxe zigorra ezarriz. Argazkian, Zulueta espetxeratu zuten egunean Leioan egindako manifestazioa.