Horretarako, mende erdiz baino gehiagoz galdutzat jo zen filmaren kopia bakarra erabili izan dute. Gauzak horrela, Alemaniako Armadak 1940 eta 1944 bitartean Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugaren bi aldeetan izan zuen presentziaren lekukoak izango gara, bai protagonisten historien bidez eta baita haien seme-alaben kontakizunez. Atzeko planoan, 132 metroko luzeraz bi diktadurak batzen zituen eta topagune bilatu zen Santiago zubia geldituko da, alderdi nazionalsozialistaren arduradunek euskaldunez eta haien bizimoduaz zuten jakingurarekin batera.
Dokumentala egiteko asmoa orain hiru urte piztu zen, 2010ean. Javier Barajas zuzendarikideak gogoratzen duenez, "talde osoari gustatzen zaigu historia eta, bereziki, Bigarren Mundu Gerra". Hori dela eta, "garai hartan apur bat murgiltzea pentsatu genuen. Uste genuen aro hori ez zegoela Euskadin guztiz islatuta. Gipuzkoan eta euskal kostaldean alemanak egon zireneko aitite-amamen kontaketak entzunda nituen. Pertsona horiek naziez oroitzapen txarrik ez izatea harritu egin gintuen, atentzioa eman zigun". Ezagutzen zena baino dokumentazio gehiago zegoela topatu ondoren taldeak ikertzeari ekin zion eta "gerra izan zena baino harago zihoazen historiak zituzten pertsonak topatu genituen. Orduan ikusi genuen bagenituela hainbat lerro, batu zitezkeenak. Hori guztiori atzean Bigarren Mundu Gerra zela", gaineratzen du Barajasek. Horrezkero, taldeak istorioak, pertsonaiak eta protagonisten beraien lekukotasuna zein pertsona horien seme-alabena bazituen.
Muga
Filman ez dugu ikusiko Frantzia eta Espainia arteko muga ikusiko Irun eta Hendaia arteko zubia erakusten digutenean: "Santiagoko zubia gehiago zen bi erregimen totalitarioen arteko batzeko topagunea benetako muga bat baino", azaltzen du Barajasek.
Historiari dagokionez, dokumentalak fidela izan nahi izan du, lortutako dokumentaziora egokituta. Kontatzen diren historia guztiak benetakoak dira eta era objektiboan kontatzen saiatu dira. "Horregatik ez dago narratzailerik film osoan. Ludger Mees eta Santiago de Pablo historiagileekin egin dute lan, "bilatzen genuen zehaztasuna ekartzeko".
Filmaren taldeak orain arte ikusi gabe zeuden irudi eta agiriak topatu ahal izan ditu, dokumentalean parte hartzen duten protagonistei zein haien ondorengoei esker. Garrantzitsuena aurretik aipatutako “Im Lande Der Basken” filma da. Era berean, Alberto Bonelli Italiako kontsulak grabatu zituen Baionan izandako topaketa diplomatiko guztiak eta bere semeak fotogramen ekarpena egin du. Bestaldetik, Roland Loflerrek, Ipar Euskal Herrira bidali zuten polizia alemanak, egunerokoa idatzi zuen eta, hortik, bere bizipenak oso era zehatzean jakingo ditugu, marrazkiak eta guzti.
Herbert Brieger, nazi, zinemazalea edota biak batera?
Briegerri dagokionez, anbiguotasunean kokatu dute filmaren egileek. "Ez dugu agiririk topatu Brieguer alderdi naziarekin lotzeko, baina den-denak horretara bideratzen gaitu. Ez zen Biarritzera filmatzera etorri kasualitatez, Rodanon eta Bretainia aldean ere filmak egin baitzituen, herri horiei dedikazio berezia emateko naziek zuten ideiarekin bat zetozenak", argudiatzen du Barajasek. Bestalde, ukatu dute "Una esvastica sobre el Bidasoa" film politikoa izatea. Halere, pertsonaiek atzean duten egoera argia da. Armada alemanaren mandatariek Europa zelan berreraiki behar zeneko ikuspegi berezia zutelakoan daude Barajas eta Andres. Europa berri hori arrazen arabera eratuko zuten eta herri horien artean bretoiak, kroaziarrak, eslovakiarrak... baina baita euskaldunak, katalanak eta galiziarrak zeuden: "hemen kontatzen dena Bretainia aldean edo beste leku batzuetan gertatzea posible da".
Filmaren aurrerakina (© EsRec)