Plentzia eta Gorlizko gazte zentroa 2012ko abenduaren 27an okupatu zuten 20 bat neska-mutilek. Plentziako hondartzaren aurrean dagoen Areatza hiribideko arkupeetan kokatuta dago, Foru Aldundiak aspaldi izan zuen Ingurumen gelan. 400 metro koadroko udal areto horrek "urte bat baino gehiago darama hutsik", salatu zuten orduan gazteek. Gainera, Plentzia eta Gorlizko Gazte Asanbladak Plentziako Udalarekin iazko udaberrian izan zituen elkarrizketetan, udal arduradunek espazio hori eskatzera animatu zituzten, nolabaiteko gaztelekua izan zedin. PGGAk gaztetxe proiektua bideratzeko lokala eskatu zuen azkenean, baina ez zuen erantzunik jaso. Hilabeteak etorri eta hilabeteak joan, "ontzi gela" moduan ezagutzen den espazio hori okupatu zuten. Hurrengo egunean, Silvia Lopez de Gereñu alkateorde independenteak lokala uzteko agindu eta udaltzainak bidaltzearekin mehatxu egin zien gazteei. EH Bilduk, bere aldetik, babesa eman die eta EAJk, ordea, beste lokal batera bideratzea eskatu du.
Plentzia eta Gorlizko Danontzat eta Bilboko Zazpi Kaleetako 7Katu gaztetxeen komunikatua
Kaleratzeak, Enplegua Erregularizatzeko Espedienteak, hezkuntza murrizketak, lanik eza eta dagoenaren izaera prekarioa, errepresioa, isunak, makroproiektuen inposizioa, proiektu txikien desagerraraztea, pribatizazioak, etxe kaleratzeak, bankuak, eskubide murrizketak, kultura elitista, infantilizazioa... Azken finean, gazteontzako etorkizunik eza.
Gazteok gara, izatez, gauzak aldatzeko gai, beste ikuspuntu aurrerakoi batez, balore iraultzaileez, sistema goitik behera aldatuko dituen baloreez. Beraz, gure balore, kritika eta lana jendarteari helarazteko ezinbestekoa da gazteria errebelde eta antolatua, herri eta auzo guztietan. Bizi dugun sistema honi buelta emateko, gazteok borroka horretan izan behar den motorra gara, erreferenteak.
Ehunaka gazteek Euskal Herri osoan, okupazioaren eskutik, sistema honi buelta emateko tresnaz baliatu izan dira.
Gaztetxea. Gazteriaren elkargunea, alternatibaren sorkuntza eta sustatze lekua, kultura herrikoiaren gunea, jai herrikoien sustatzailea, gazte baloreen transmisorea, antolakuntza eta borroka gunea, ametsen fabrika.
Gaztetxea, gazteon elkargune izatetik haratago, bizi ereduen eraldatzean oinarritzen da, ez du soilik gazteak batzea bilatzen, sistema hau errotik aldatzea du helburu. Horregatik, borroken sustatzaileak ditugu gaztetxeak, baita pizgarriak ere, herri herri edo auzoa eraldatu nahi duen borrokak ateak zabalik ditu.
Ez dugu soilik bizi eredu ezberdin baten aldeko aldarria egiten, gaztetxeak, bizi eredu berri horiek praktikan jartzeko txokoak dira. Bertan, gazteok elkartasunez eta antolakuntzaz, alternatibak eskaintzen ditugu, besteak beste, musika talde gazteak sustatuz, pentsamolde ezberdinen arteko ideiak trukatuz, tailer ezberdinak antolatuz, eta abar. Azken finean, beste aisialdi eredu bat proposatuz, gazteok herriarentzako egina.
Gazteok sistema hau irauli nahi dugunaren isla, erreferenteak, dira gaztetxeak. Autogestioz, gazteok gure aldarrikapenak ozen adieraztea ahalbidetzen duen tresna. Horregatik, gaztetxeak jo puntuan daude, udaletxe zein epaileen orrietan gorriz azpimarratuak.
Horren adibide garbia da Bilboko Zazpi kaleetako 7Katu gaztetxeak eta Plentziako Danontzat gaztetxeak bizi duten huste arrisku egoera. 7Katu gaztetxea urteetan lokalaren jabearekin negoziazio prozesu baten egon ostean, duela hilabete batzuk jakin izan dugu Udalaren ezkutuko presioek eraginda, jabeek ezezkoa eman diotela edozein akordio posibleri, negoziazioari ateak itxiz. Danontzat gaztetxean, aldiz, Udalak lokala pribatizatu nahi du. Gazteok akordioetara ailegatzeko ahaleginak egin ditugu baina ez dugu onargarria ikusten dauden lokal publiko apurrak pribatu nahi izatea.
Azkuna jauna eta Isamari anderea, ez da posible gazteriarik gabeko herria eraikitzea. Gu gara hiri-herri hauen irria, oraina eta etorkizuna. gazteak dituen herria ez da inoiz hilko!
Ez diegu utziko ilusioz, gogoz eta izerdiz egindako lana zapuztea, erresistentziaz, lortuko dugu lanean ari garen proiektuetan aurrera jarraitzea. Gure ametsek bizirik dirauten bitartean, zuenak egin du.
Zuen parte hartzea ezinbestekoa da gaztetxeak zutik irauteko, beraz, guztion ilusio eta indarrarekin ekin diezaiogun lanari gaztetxeen defentsan! Gaztetxea duen herria ez delako inoiz hilko! Eta kantatzen duen gaztetxea, ere ez!
Erresistentziaz gaztetxeak aurrera!