Sabino Arana omendu dute, heriotzaren 110. urtemugan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko aza. 24a, 22:02

Bihar beteko dira 110 urte Sabino Arana eta Goiri euskal abertzaletasunaren eta Euzko Alderdi Jeltzalearen sortzailea hil zenetik. Hori dela eta, EAJk omenaldia egin dio gaur Sukarrietan, Arana hil eta lurperatuta dagoen herrian. Ekitaldian Andoni Ortuzar EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak abertzaletasunaren indarra aldarrikatu du: “Esan egiten digute abertzaletasuna bidaiatuz sendatzen den gaixotasuna dela. Ez da egia. Nire kasuan zenbat eta gehiago bidaiatu, orduan eta abertzaleagoa naizelako. Asteartean bertan, etxera itzuli nintzen aste bitan Venezuela, Argentina eta Txiletik bidaiatu ondoren, eta irten nintzenean bezain abertzalea naiz orain, abertzaleagoa akaso", baieztatu du Ortuzarrek ehunka alderdikide eta ordezkari politikoren aurrean. Besteak beste, Hego Amerikan ETA erakunde armatuaren bortxakeriaz hitz egin ez duela esanez, ETA izan du hizpide EBBko presidenteak bere mintzaldian: “Ezin duzue imajinatu zein plazer handia den ETAri buruz hitz egin behar ez izateaz. Euskadiz hitz egin dugu, gure jendeaz, gure kulturaz, nazio gisa ditugun helburu eta asmoez, gure krisiaz, bai, gure arazoez eta horiei aurre egiteko egiten ari garenaz” esan du jeltzaleen buruak. Argazkian, Sukarrietako ekitaldia / © EAJ.

Dena dela, alderdi jeltzaleak zabaldu duenez, Ortuzar "kezkatuta" agertu du bere burua, Espainiako Gobernuak, ezker abertzaleak eta ETAk erakusten omen dabiltzan "gelditasunagatik": “Egia esan behar badizuet, apur bat etsigarria izan da etxera bueltatzea eta aste biotan ezer gutxi aldatu dela ikustea. Toki berean gaudela, alde batean daude zelaiari hesiak jartzen dizkiotenak, eskatu genizkien urratsak eman gabe, hau da, espetxe politika malguagoa, hitz egiteko, blokeoa gainditzeko borondate irmoa. Eta beste alde batan daude besteak, beren iraganarekin tematuta daudenak, iragan hori aldarrikatzen, harro egoteko ezer ez dela konturatu gabe, mina sozialitzatzea bilatzen zuten aldia... Bai, etsigarria da, baina ez dugu amore emango. Ekin egingo diogu. Gure eskuek luzatuta jarraituko dute, batzuei eta besteei. Eta beharrezko izanez gero, jesarriko garen aulkia izango gara, hitz egingo duten mahaia izango gara”, aurreratu du Ortuzarrek, arbitro papera hartuz. Era berean, Eusko Jaurlaritzak ostiralean aurkeztu zuen Bake Plana gatazka "behin betiko" gainditzeko tresna izango deneko konfiantza adierazi du.

Ekitaldian zehar, Ortuzarrek gogoratu du bihar hasiko den astean harreman erronda hasiko duela euskal talde politiko ezberdinekin, "ahalik eta adostasun maila gorenarekin" marko politiko eta juridikoa lortzeari ekiteko: “Publikoki iragarri dugun bezala, hurrengo asteotan harremanetan jarriko gara Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten talde politiko ezberdinekin. Topaketa hauetan abiapuntu zabala bilatuko dugu bakoitzak proposatu eta defendatuko duen konpromisoan aurrera egiteko, aldi politiko berrirako herri eredu bat, bere ahalmenak eta egitura adosteko. Hau da, erabaki behar dugu XXI. mende honetan nolako Euskadi eraiki nahi dugun. Zer tresna behar dugun etorkizuna guk geuk kudeatzeko. Zer zedarri demokratiko adostu behar ditugun formula politiko horrek zilegitasuna izan dezan, lege barruan egon dadin eta gure subiranotasuna errespetatzeko bermeak izan ditzan. Gure aukera ez da inolako abentura. Erabaki irmoa da. Europan nazio izango den Euskadin nahi dugu. Ahots propioarekin. Nortasun berezi, zorrotz eta konpromisodunarekin. Gure hauteskunde programan 2015 urtean ezarri genuen Euskadiren estatus juridiko politikoa hitzartzeko saiakera honen azken urratsa emateko momentua. Horixe da gure asmoa. Baina horrek ez du esan nahi presaka ibiltzearren erratuko garenik. Presarik ez, baina pausua galdu gabe. Gauzak ondo egitea. Hori da egin nahi duguna. Eta autogobernuan aurrerako jauzia eman nahi badugu, ezer baino lehenago, lehentasun osoz, orain inguratzen gaituen depresio ekonomikotik altxatu behar dugu. Hazteko eta enplegua sortzeko bidera itzuli behar dugu. Eta, aldi berean, bakea eta bizikidetza finkatu beharko ditugu eraikitzeko bidean dagoen gizarte berriaren abiapuntu natural eta berezkoa den heinean. Gure ekonomia suspertu eta bakezko gizartea eraiki behar dugu, gero askatasunean erabakitzerik izan dezagun”.

Amaitzeko, Ortuzarrek Iñigo Urkullu lehendakariak eta bere Gobernuak zoriondu ditu: “Krisi egoera batean eta aurrekontuak murriztu behar diren egoera honetan, Eusko Jaurlaritzak erakutsi du oinarrizko zerbitzuak mantentzeko gai dela. Gauzak ondo egiten dakien Gobernua dugu. Bermatu egin dira Osasun, Hezkuntza eta Gizarte Babeserako zerbitzuak. Euskal ongizate sistemak funtzionatu egiten du. Honelakoak bezalako une latzenetan printzipioak eta baloreak erakutsi behar dira. Gobernua 'pertsonekin duen konpromisoa' betetzen ari da. Bazterrean edo atzean inor ez uztea, horixe da gure egitasmoaren arima. Gobernuak esana betetzen du. Lehentasunak dituen Gobernua dugu, hau da, suspertze ekonomikoa eta enplegua” amaitu du EBBko presidenteak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun