Ertzaintzak 29 urteko emakume bat atxilotu zuen pasa den ostiraleko eguerdian Getxoko udalerrian, hainbat bitxiren lapurretaren egilea zelakoan. Ebatsitako aleetariko bat bi urtetako neskatila bati ostu zioten 2006an, Areetako Gabonetako Haur Parkean jolasean ari zela. Segurtasun Sailak zabaldu duenez, ikerketa pasa den urriaren bukaeran abiatu zuten, Ertzaintzak urrearen salerosketan jarduten duen denda batean ohiko ikuskatzea egin zuenean. Bisita hartan poliziek jatorri iluna zuten eskumuturreko bi topatu zituzten. Pasa den ostiralean, bitxiak lapurtu ei zituen susmagarria Getxo udalerrian topatu zuten ertzainek. Bigarren eskumuturrekoa orain pare bat urte emakumeak lan egin zuen etxetik desagertu zen. Gauzak horrela, Ertzaintzak hiru delitu egotzi dizkio susmagarriari: larderiazko lapurreta (umeari ustez kendutako bitxiagatik), ebasketa eta maula (bitxien salerosketarako sinatu ei zuen kontratua dela eta).