Irakasleen Eskolako 1S14G ikasgelan, Eusko Jaurlaritzako Hezikidetzako Plan Estrategikoaren aurkezpena egingo dute 11:30ean, Luisa Mari Puertasen eskutik. Ordu erdi beranduago, “Espejismo de ascenso” ikerketa aurkeztuko du Esther Oliver CREA taldeko kideak. Bi ekitaldien aurretik eta ondoren, Eskolako ikasleen emanaldia izango da. Bestalde, Hego Amerikako eta Estatuko erakunde feministek antolatutako sentsibilizazio eta salaketa kanpainetan erabili diren kartelen eta lemen erakusketa dago eskolan. Hautaketak indarkeria matxista mota ezberdinen forma eta espazio aniztasuna ikustarazten du, gaur egun gutxien ezagutzen diren horiei lehentasuna emanez. Era berean indarkeria egoera horiei aurre egiteko zenbait estrategia azaltzen dira.
Zientzia eta Teknologia Fakultateko sarrera nagusian, berriz, "26 Horma-irudi 2013ko azaroaren 25erako" erakusketa dago. Sorkuntza eta Diseinuko graduko ikasleek egin dituzte kartelak, eta erakusketa Zientzia eta Teknologia Fakultateko Berdintasunerako Batzordearen eta Arte Ederren Fakultatearen arteko lankidetzaren emaitza da, Marrazketa Saileko Ana María Sainz Gil irakaslearen bidez.