Leioako dendariek eta ostalariek kanpaina bitxiari zein ikusgarriari ekin diote gaur eta bihar. 200 bat saltokik erakusleihoak beltzez estali eta honako gonbita pausatu diete auzokideei: "imajina ezazu". Izan ere, Leioa bere denda eta tabernarik gabe askoz ilunagoa izango zela irudikatu nahi izan dute. Horregatik, Leioa "herri bizia" izan dadin, erosketan bertan eginez "merkataritza bizirik" mantentzera deitu dituzte leioaztarrak, Gabonetako kanpainaren aurretik. Iaz, EAEko denda txikien salmentek %6,5eko jaitsiera bizi izan zuten, 654 dendak ixtea beste erremediorik ez zutela topatu. Gauzak horrela, sektore horretan lanpostuen %4a galdu zen. halere, Leioako dendariek ez dira etorkizun beltza irudikatzera mugatu eta bezero fidelak saritzeko hainbat ekimen piztu dituzte.
Leioako Merkatarien Elkarteak hainbat deskontu bono kaleratuko ditu ostegunetik abenduaren 3ra. Guztira, 400 euroko balioa dituzten deskontu txartelak banatuko dituzte. Abenduaren 16an eta 17an, elkarteko merkatariek Gabonetako izei bana jasoko dute, udalerriko ikastetxeetako neska-mutilek sortutako postalek apainduak. Argazkian, andra bat gaur abiatutako merkataritza kanpaina beltzaren ikurrari so.