Segurtasun Sailak gaur defendatu duen bertsioaren arabera, Bilboko "Ugartekoa"-k agindutako "Daukazuen guztia erabili" esaldiaren aurretik jaso zuen pilotakada Iñigo Cabacasek. Horrela erantzun dio Gobernuak Jone Goirizelaia Cabacasen sendiaren abokatuak jarritako helegiteari. Bertsio ofizialaren arabera, SOS Deiak 2011ko apirilaren 5eko 23:40:31ean gazte bat zaurituta lurrera erori zela esanez jaso zuen gizon baten dei bat, eta "Ugartekoa"-k esaldi hori 23:40:33an egin zuen, zehazki bi segundu beranduago, "El Correo" egunkariak filtratu duenez. Horrek aginduaren eta ondorioen arteko harremana "bertan behera" uzten duela diote alegazioetan Jaurlaritzako juristek.
Idatzi berean Gobernuak salatzen du Ugarteko hainbat komunikabideren kanpainaren "biktima" izaten ari dela, "testuingurutik kanpo lerraturiko informazioa" ematen ari direlako. "Daukazuen guztia erabili" esaldia "Gara" egunkariak eman zuen jakitera, eta barne elkarrizketak publiko egitearen ondorioz lau ertzain komisariako lanpostutik kendu eta administrazio lanak egiten jarri zituzten. Ondoren epaileak tiro egin zuten poliziak zein furgonetako arduraduna auziperatu zituen. Goirizelaiak ertzain burua ere inputatzeko eskatu zuen, "agindua eman izan ez balu Iñigo ez litzatekeelako hilko".
Gaurko izendapen guztiak
Jorge Aldekoarenaz gain, Ertzaintzaren antolamendu berriaren buru izango direnen beste izenak zabaldu dituzte Erandion. Herritarren Babeserako Ataleko buru Josu Bujanda izango da eta Ikerketa Kriminaleko Atalekoa, berriz, Maite Salaberria. Azkenik, Jon Ziarsolo arduratuko da Inteligentziako Bulego Nagusi berria abiarazteaz eta antolatzeaz; orain arte, Sestaoko ertzain-etxeko komisarioa izan da. Egitura berriak, 18 intendente izango ditu, hain zuzen ere, arratsalde honetako jakinarazpen-bileran izan direnak. Izendapenak jakinarazi ondoren, Lanpostuen Zerrenda berrian jasoko dira. Zerrenda, bada, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da abenduaren lehen hamabostaldian.
Jorge Aldekoa Ertzaintzako burua
Zuzenbidean lizentziatua, Ertzaintzako kidea da Gerra ostean Polizia berriz ere sortu zenetik, orain dela 31 urtetik, 1. promozioko ertzaina baita. Gaur egun, Bilboko ertzain-etxeko buru da, eta, aurretik, Gernikako eta Durangoko ertzain-etxeetan aritu da, buruorde eta Ikerketa Arloko arduradun gisa. Gainera, Getxoko ertzain-etxeko buru izan da. Ertzaintzaren Bizkaiko lurralde-burua eta Ertzaintzaren Herritarren Segurtasuneko burua ere izan zen.
Maite Salaberria Ikerketa Kriminaleko Ataleko burua
Bosgarren promozioko kidea, egun Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Unitateko buru da. Irungo ertzain-etxeko unitate-buru izan zen, bai eta Ikerketako unitate-buruorde ere. Komisaria berean,Ikerketa Zentroko buru eta instruktore buru izan zen. Aurretik, Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Unitate Bereziko talde-buru aritu zen.
Josu Bujanda Herritarren Babeserako Ataleko burua
Ertzaintzaren 3. promozioko kidea, orain arte, Ikerketa eta Administrazio Ataleko atal-buruorde izan da. Aurretik, Terrorismoaren Kontrako Ataleko buru eta buruorde zein Gipuzkoako lurralde-burua izan da. Gainera, Babeseko eta Esku Hartzeko Unitateko buru izan da, eta Beasaingo eta Zumarragako ertzain-etxeetako eta Gipuzkoako Trafikoko Eragiketen buru.
Jon Ziarsolo Inteligentziako Bulego Nagusiko burua
Aldekoa bezala, lehenengo promozioko kidea da. Gaur egun, Sestaoko ertzain-etxeko unitate-buru da eta, aurrez, kargu bera izan zuen Durangoko ertzain-etxean. Gainera, buru eta buruorde izan da hainbat unitatetan. Kalitate-sistemak bultzatu ditu Ertzaintzan.
Agintaritzaren egitura berria
Jorge Aldekoa, Ertzaintzako burua
Josu Bujanda, Herritarren Babeserako Ataleko burua
Maite Salaberria, Ikerketa Kriminaleko Ataleko burua
Jon Ziarsolo, Inteligentziako Bulego Nagusiko burua
Jose Ignacio Sola, Barne Gaietako burua
Lucio Antonio Cobos, Erakunde Harremanetako eta Komunikazioko burua
Jorge Azarloza, Prestakuntza Koordinatzeko Zerbitzuko burua
José Agustín Blasco, Aginte eta Kontrol Zentro Nagusiko burua
Iñigo Ibarra, Idazkaritza Nagusiko burua
Antonio Fontaña, Trafikoko burua
Julio Antonio Arevalo, Arriskuen Koordinazio Orokorreko burua
Jesus Maria Markaida, Laguntza Taktikoko burua
Juan Miguel Quintana, Brigada Mugikorreko burua
Jose Ramon Lezertua, Erakunde Segurtasuneko burua
Josu Gotzon Lujua, Bizkaiko lurralde-burua
Todor Aresti, Bilboko ertzain-etxeko burua
Miguel Angel Trecu, Arabako lurralde-burua
Roberto Alava, Gasteizko ertzain-etxeko burua
Alfonso Garaikoetxea, Gipuzkoako lurralde-burua
Fco. Javier Ardanaz, Donostiako ertzain-etxeko burua
Joseba Mirena Urrutia, Ikerketa Kriminaleko burua
José María Yurrebaso, Polizia Zientifikoko burua