PPren egoitzari margoa jaurtiz salatu dute Sevilla II-ko presoen egoera

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko aza. 26a, 14:13

Hainbat ezezagunek odol itxura duen pintura gorria eta Sevilla II espetxeko presoek pairatzen duten egoerari buruzko eskuorriak bota eta kartelak jarri dituzte PPk Areetan duen egoitzan. Jaurtiketa goizaldean izan da, Urtzi Paul getxoztarra eta kartzela bereko beste euskal preso politikoek hilabete bat gose greban eta itxialdian bete duten egunean. Era berean, ekintza preso horien bizi baldintzak Getxoko Udalbatzan eztabaidatu baino ordu batzuk lehenago egin dute. Afixetan honako testua idatzi dute: "odolez zikinduta dauzkazue eskuak, hiltzaileak. Espainiako Gobernu faxistak euskal preso politikoak suntsitu nahi ditu, bizi osorako lurperatuz, jipoiak emanez eta baldintza krudeletan bizitzera behartuz". Nerea Llanos Bizkaiko PPren idazkari nagusi eta legebiltzarkideak eskatu dio Bildu koalizioari "iraganera bueltatu ez direla" frogatzeko "erasoa gaitzetsi dezan".

Era berean, ezker abertzaleak bakea eta elkarbizitzaren alde egin "omen" duen apustua "egiaztatzeko" eskatu dio Bilduri: "bakearen aldeko apustua eta horrelako jarrera bortitz eta mehatxugarriak aurpegiratzea ekintzez frogatzen da. Ez da nahikoa estatutuetan idaztea". Horretarako, Marisa Arrue zinegotziak gaurko Udalbatzaren aurretik Bozeramaileen Batzordea biltzea eskatu dio Imanol Landa Getxoko alkateari, Udaletxean presentzia duten lau indarren artean (EAJ, PP, EH Bildu eta PSE-EE) gaitzespen adierazpena adosteko. Landak "erasoari nire gaitzespen irmoena" agertu dio eta "gizarte demokratiko eta normalizatuan ulertezintzat" jo du "biztanleriaren zati handi baten ideologia" ordezkatzen duen alderdi batekin horrela jokatzea". "Horrelako ekintzak berriro ez gertatzea exijitzen dut", adierazi du.

Sevilla II kartzelako presoen egoera

Gaur 30. eguna dute gose greban zein itxialdian Sevilla II espetxeko euskal presoek. Atzo Etxeratek zabaldu zuenez, Asier Arzalluz Goñi preso donostiarrak baraualdia utzi behar izan zuen osasun arazoengatik. Hirugarrena da erabaki hori hartu behar izan duena, Urtzi Paul Larrea getxoztarrak eta Garikoitz Etxeberria Goikoetxea lizartzarrak aurretik bide beretik jo zutela.

Sevilla IIko gatibuen aldeko mozioa gaur 17:00etan ohiko osoko bilkuran aztertuko du Getxoko Udalbatzarrak, Bilduk aurkeztuta. Bozketan gainontzeko alderdi politikoen jarrera ezagutu artean, eragile ugarik adierazi diote atxikimendua idatziari. Halere, goizaldean Getxoko PPn gertatutakoak zaildu dezake Arrasaten EAJ eta Bilduren botoekin onartutako antzeko mozioak aurrera egitea.

Bizi baldintza duinen alde borrokan

Urriaren 27tik 28ra bitarteko gauerdian ekin zioten protestari Sevillako Moron de la Frontera herriko espetxe hartan. Bertan diren hamahiru euskal presoetatik honakoek ekin zioten "borrokaldiari": Urtzi Paul Larrea, Iker Agirre, Gurutz Agirresarobe, Koldo Aparicio, Asier Arzalluz, Juan Mari Etxebarri, Garikoitz Etxeberria, Jesus Goikoetxea, Manuel Gonzalez, Juan Lorenzo eta Roberto Lebrero. Bestalde, Javi Agirre eta Iñaki Arakama presoek "arrazoi ezberdinengatik ez dute gose greba abiatu, baina, bat egin dute borrokaldiarekin", Etxeratek zabaldu bezala. Presoek beraiek gutun bidez azaldu zutenez, Euskal Herriratzen ez dituzten bitartean "isolamendu mugagabea amaitzea, kide guztiok batera egotea, gutxieneko eskubideak bermatuak izatea eta gure aurkako erasoak etetea" eskatzen dute. Gainera, ez dira espetxeko zuzendaritzarekin fidatzen: "honek ez du sekula adierazitakoa bete, behin eta berriz jan izan duelarik bere hitza".

Sevillako espetxean hasieratik, orain dela lau urtetik, bizi izan dute "tentsio egoera gogorra", presoen senideek baieztatu bezala. "Muturreko" bizi-baldintzak jasaten dituzte: "beti isolamenduko moduluan izaten dituzte; ez diete inolako aktibitaterik egiten uzten; patiora irteterakoan metal detektagailutik igaro arazteaz gain, ukimenezko miaketa egiten dizkiete gorputz osotik, noiznahi barrabilak edo zakila ukitzera helduz, tentsio une handiak bizi dituzte; Arkaitz Bellon euskal preso politikoak jipoia jasan zuen; aurrez-aurreko bisitetatik bueltan miaketa integralak (osoki biluztera behartuz) egin izan dizkiete; senideei ere miaketak egin izan dizkiete aurrez-aurrekora edo lokutorietara sartzeko eta honen ondorioz zenbait bisita galdu dituzte; eta abar luze bat", azaldu zutenez.

"Egunero pairatzen dituzten eskubide urraketa" horien aurrean, espetxeko zuzendariarekin bildu izan dira, "baina, alperrik", Etxeraten ustez. Eta epaile zein espetxeetako idazkaritza orokorrari bideratutako kexa eta salaketek ere ez dute emaitzarik izan. Egoera horren aurrean borrokaldia hastea erabaki dute; "helburua bizitza duina eta osasuna zaintzeko bermea eskuratzea" dela.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun