Fiskaltzaren oniritzia dutela, Auzitegi Nazionalak aste honetan aska ditzakeen beste presoak honakoak dira: Bigarren Atalean, Jon Ander Urkizu, Iñaki Orotegi, Nicolas Francisco, Iñaki Erro, Iñigo Akaiturri, Jabier Martinez, Inma Pacho, Santos Berganza, Iñaki Fernandez de Larrinoa eta Jose Angel Biguri eta Gotzone Lopez de Luzuriaga preso gaixoak; Hirugarren Atalean, Kepa Solana, Juan Ignacio Delgado, Jesus Mari Mendinueta eta Bautista Barandalla osasun azaroak direla eta etxean preso dagoena. Atal horretan, Ismael Miquel Gutierrez GALeko kidea ere askatzea aztertuko dute. Hirugarren graduan dago 2002tik aurrera.
Fabio Moreno
Auzitegi nazionalaren Bigarren Atalak deliberatuko dituen espedienteen artean Jabier Martinez Izagirrerena dago. Usansoloko presoa Fabio Moreno Asla bi urteko ume erandioztarraren heriotzagatik kondenatu zuten. Atentatua 1991ko azaroaren 7an gertatu zen, arratsaldeko 4:45ean. Orduan, Antonio Moreno Chica guardia zibilaren auto pribatuak eztanda egin zuen ustez Jabier Martinez Izagirrek eta Juan Carlos Iglesias Chouzasek beheko aldean jarritako lehergailua detonatu zenean. Leherketaren eraginez, autoan zihoan Fabio umea unean bertan hil zen eta Alexander bere bikiak hainbat erredura pairatu zituen, bere aitak bezala.
OHARRA: Andoni Muñoz de Vivar Berrio preso urduliztarra ez dute aske utziko aste honetan zehar, UKBERRI.NETek bart iragarritakoaren kontra. Muñoz Gabon egunean, abenduak 25, geldituko da libre, ezarritako espetxe zigor osoa beteta. Izan ere, atzo Espainiako Auzitegi Nazionalaren Hirugarren Atalak bere kasua aztertuko zuela zabaldu zuten albiste agentziek, 197/2006 edo Parot doktrina ezarria duten beste 25 presoekin gertatu bezala. Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak berak egin zuen errakuntza, atzo Andoni Muñoz de Vivar Berrioren askatasun txostena aurkeztean, preso urduliztarrari doktrina aplikatu ez baitzioten eta, beraz, horren helegitea jarri ez zuenean. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Ines del Rioren auziaz ebatzitakoak ez dio, hortaz, eragiten.