Eztabaidaren erdian, udal batzar aretoa utzi du minduta Aitor Cotano Sinde preso politiko algortarraren amak. Izan ere, batetik Etxerat elkartearen ordezkaritza maila zalantzan jarri du Agustin Ruiz Getxoko PSE-EEko zinegotziak: "Benetan nor ordezkatzen du Etxeratek? Euskal preso guztiak? ETAren ildo gogorrekoak? Langraiz Bidea defendatzen dutenak?". Bestetik, "espetxeetako hormetatik kanpo, aurrera egin nahi dutenei mezua heldu nahi izatea" leporatu die Sevilla IIkoa bezalako borrokaldiak egiten dituzten presoei. Bestalde, horretarako eskaera ofiziala egin arren, hitza hartzea ukatu die alkateak Etxerat elkarteko ordezkariei, "arautegian oinarrituta". Hori bai, Urtzi Paul Larrearen egoera konpontzen ahalegintzeko, "orain arte egindako gestioekin jarraitzeko" borondatea agertu du Landak. Baita Etxeraten ordezkariekin biltzen jarraitzeko ere.
Biltartean, gaur goizaldean ezezagunek Getxoko PPk Areetan duen egoitzara margoa bota izana erabili du Marisa Arruek Bilduren kontra jotzeko. Aipatu gertaerak direla eta, urgentziazko mozioa aurkeztu du Alderdi Popularrak; baita, arautegia baliatuta, eztabaidatzen lehenengoa izaten lortu ere. Arruek PPren egoitzaren kanpoaldean aurkitutako esku-orrietan irakur zitekeen "Sevilla SOS" leloa aipatu du, gertaera Moron de la Frontera herriko espetxeko euskal preso politikoek bizi duten egoeraren inguruan Bilduk aurkeztutako proposamenarekin parekatzeko. "Ez dut ezer txarrik pentsatu nahi, baina ze kasualitatea erasoa Bilduk aurkeztutako mozioa eztabaidatu baino ordu batzuk lehenago, egun berean, gertatu izana. Traza berberak dituzte topatutako esku-orriek eta mozioaren idatziak", adierazi duenez. Koalizio soberanistak "talde politikoen edo pertsonen kontrako inolako erasorik ez" duela "inoiz" bultzatu erantzun dio Maitane Nerekanek bozeramaile popularrari. Bozketara igarota, EAJ, PP eta PSE-EEko zinegotziek bozkatu dute mozioaren alde; baita Bilduko ordezkarietako batek ere. Gainontzeko hautetsi ezkertiarrak, berriz, abstenitu egin dira. Lehen esan bezala, koalizio soberanistak aurkeztutako mozioen txanda heldu denean udal batzar aretoa utzi dute Getxoko PPkoek.