Kalean lo egiten duten pertsonak artatzeko protokoloa abiatu du gaur Getxoko Udalak. 2014ko apirilaren 11ra bitartean, meteorologia-egoera bereziki zaila denean kalean lo egiten duten pertsonei aterpea eskainiko diete udaltzainek. Zehazki, udalerriko ostaturen batera joateko aukera eskainiko diete. Elena Coria Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak iragarri duenez, hotzaren kasuan, 0 gradu edo zero azpian sartuko da indarrean protokoloa, eta euriaren edo haizearen kasuetan, alerta laranja edo gorria iragartzen denean, hau da, metro koadroko 80 litro edo gehiago botatzen duenean edo haizearen abiadura orduko 120 kilometro edo gehiagokoa denean, hurrenez hurren. Eusko Jaurlaritzako Meteorologia eta Larrialdietarako Arreta Zuzendaritzak abisu, alerta edo alarmak iragartzen dituenean jarriko da martxan, alegia. Ekimenaren helburua behartsuenen "osasunean eragin kaltegarriak ekiditea da", Coriaren aburuz. Argazkian, udaltzainak izango dira protokoloa gauzatzeko arduradunak.