Era berean, badakigu zertan hobetu behar dugun eta ikasleen konpetentzia guztiak garatzea dela aurrerantzean gure erronka nagusia. Testuinguru honetan LOMCEren helburuak euskal eskola komunitateentzat ez dira esanguratsuak, ez dira egokitzen gure errealitatera; soberan daude. Eta hau da gure abiapuntua, LOMCE arrotza da gure artean, LOMCE kaltegarria da (atzerantz joatea proposatzen digu), LOMCEk ez digu balio.
Ondorioz, LOMCEren aplikazioa nola ekidin izan behar du helburu, hari aurre nola egin aztergai bihurtu behar dugu gure artean. Eta bide honetan irizpide batzuk plazaratu nahi ditugu.
Lehenengo eta behin, sistema-mailako erantzuna behar du. Zerbait egitekotan EAEko ikastetxe guztietan aplikagarria izan behar du. Proposatzen den edozein neurrik sistema osoa izan behar du helburu. Eta horrek EAEko erakundeen inplikazioa eta lidergoa eskatzen ditu.
Joan den astean, adibidez, Eusko Jaurlaritzak iragarri du Espainiako Auzitegi Konstituzionalera joko duela LOMCEri aurre egiteko. Pentsatzekoa da, honezkero, bere zerbitzu juridikoek egin dutela edo amaitzear dutela txosten juridikoa. Ikastolok, beste eragile batzuek bezala, eskatu diogu jada txosten hori lehenbailehen gure esku jartzeko, guk ere azter dezagun. Agian, izaera honetako edo beste klase bateko ekimen gehiago jar daiteke mahaiaren gainean.
Izan ere, artikulu honen goiburuan diodan bezala, elkarlanerako garaia da hau. Ikastolon aurtengo ikasturtearen irekiera ekitaldian ere azpimarratu genuen ideia hau. Elkarlana ari gara eskaintzen eta elkarlana ari gara eskatzen. Elkarlana hezkuntza eragileen eta komunitatearen artean, elkarlana alderdi, erakunde eta hautetsien artean, elkarlana sindikatuen artean eta elkarlana gainontzeko eragile askoren artean gure hezkuntza sistemak aurrean dituen erronka itzelei erantzun egokiak emateko, elkarrekin ekinez eta ahalik eta adostasun handienarekin. LOMCEren aplikazioaren erronka ez da eragile politikoen erantzukizuna soilik, hezkuntza eragileon ardura ere bada.
Espero eta desio dugu eztabaida sakon eta emankorra izan dadin eta adostasun zabala lor dezaten, aurrera begira LOMCEri aurre egiten jarraitzeko bezala, hezkuntza sistema gaurkotzeko eta sendotzeko ere.
Urriaren 12an, Bilboko manifestazio jendetsuan kalera irten ginenean, LOMCEren aurka protesta egitera ez ezik, Euskal Herrirako hezkuntza sistema eta lege propioa aldarrikatzera ere irten ginen. Hori da gure xede nagusia. LOMCEri aurre egiteko, hezkuntza hobetzeko, erronka berriei egoki erantzuteko, gurea munduko hezkuntza sistema hoberenen parera eramateko bide egokien eta eraginkorrena baita Hezkuntza Sistema eta marko normatibo propioak edukitzea.
Eusko Jaurlaritzaren "Heziberri 2020" plana, Euskal Herri osorako ez izan arren, izan daiteke EAE mailan ate zabal bat bide horretan. Labur-labur esanda, euskal curriculuma garatzeko eta dekretu bidez arautzeko eta Hezkuntza Lege berri bat adosteko egitasmoa da "Heziberri 2020". Guk plana bere osotasunean ikusten dugu. Alegia, euskal curriculuma adostuta, hankamotz geratuko litzateke hezkuntza legerik ez bagenu; eta zertarako hezkuntza lege bat, euskal curriculumik gabe?
Beraz, denon artean adostutako euskal curriculuma garatzeko eta babes juridikoa emateko unea da. Hezkuntzaren kalitatean eta ekitatean aurreratzeko, hezkuntza zerbitzu publikoaren definizio adostua egiteko, Hezkuntza Legea egiteko unea da. Lehentasuna bihurtu behar dugu, sare publiko eta kontzertatuen arteko dikotomia antzua gaindituz, bakoitza bere izaeratik, berdintasunean, finantzaketa egokiarekin, irakasleen homologazioarekin, aukera berdinekin.
Alegia, eraiki dezagun eta eman diezaiogun zilegitasuna gure hezkuntza sistemari. Baina egin dezagun hori gure hezkuntza sistema etengabe hobetuz joan dadin, euskal curriculumean oinarrituta, eskaintza pedagogiko aurreratuenarekin eta aurrerakoienarekin. Eta, berriro azpimarratuko dut, elkarlan estuarekin eta ahalik eta adostasun handienarekin.
Koldo Tellitu Mejia leioaztarra eta Ikastolen Elkarteko lehendakariak gaur "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua.