Halere, horiek ez dira Auzitegi Nazionalera joan behar izan duten lagun bakarrak. Izan ere, 35/02 sumarioko 36 auziperatuez gain, auzian sartutako herriko tabernak kudeatzen dituzten 110 kultur elkarteen presidenteak ere egon behar izn dute Madrilen, tartean direla Josu Iratza, Christian Reinicke, Joserra Elkoroaristizabal, Angel Sedano, Josu Cerrato, Pedro Ruiz, Josu Iturburu eta Jon Aldatz Urdulizko Iretargi, Algortako Gorrondatxe, Leioako Kurkudi, Erandioko Hegoalde, Astrabuduako Egoki, Sopelako Mikelats, Itzubaltzeta / Romoko Branka eta Berangoko Sei Herri kultur elkarteen ordezkariak. Akusazioen arabera "ETA finantzatzeko ezinbesteko partaide" izanda ere, elkarte horiek eta euren ordezkariak ez daude auziperatuta, baina sozietateen ondasunak bahitzeko arriskua dago.
Larunbatean, egun pasa
Goizean goiz hasiko dira izen-emateak Sei Herrin. Nagusien kasuan 08:15ean izango da, eta txikiek, ostera, 09:00etan egin beharko dute. Gogoratu dutenez, izen-ematea bikoteka egin behar da. Nagusien irteera 09:00etan izango da, eta txikiena, berriz, 09:30ean. Nagusien ibilbideak 16 kilometroko luzera du, eta txikienak, 8 kilometro. Bidean hiru kontrol pasa beharko dituzte partehartzaileek, eta hamaiketakoa debalde jan ahal izango dute (freskagarriak, fruta, gaztaina beroak, eta abar).
Herriko mugetatik ttipi-ttapa mendi-buelta lasaia egin ostean, triki-poteoa egingo dute Sabino Arana kaleko tabernetatik, indarrak ostabere hartzeko eta herria girotzeko. Umeek, gainera, tailerrak izango dituzte eskura.
Eguerdian, dantzan ari diren tripazorriei aurre egiteko, herri-bazkariaren txanda helduko da frontoian. Ohi den legez, Berangoko sukaldariek prestatutako indaba goxo-goxoak izango dituzte, entsalada, postre eta abarrekaz. Txartelak zazpi euroko prezioa izango du nagusientzat, eta debalde txikientzat.
Bapo bazkaldu ostean, kantuka frontoiko bazterrak alaituko dituzte, eta txikiek pelikula izango dute ikusgai Berangoeta Kultur Etxean. Eguna borobiltzeko, 18:30ean sari-banaketa izango da.
Ekimeneko kartela
