Sopelako Udalak
Kutxabank erakundeari dei egin dio Larrabasterrako bulegoa lehenbailehen ireki dezan, "milaka sopeloztarrei ebatsi dien zerbitzua berriro berrezarriz". Tokiko agintariek adierazi dutenez, urriaren 31n itxi zuen bulegoan Kutxabankek, "Sopelako auzune horretan eta inguruetan bizi diren milaka sopeloztar hurbileko zerbitzu barik utziz". "Bertako langileei hamabost egun aurretik jakinarazi zieten erabakiaren arrazoia honakoa zela: bulego horretan, urtean, batezbeste hipoteka bat baino ez zela egiten eta, beraz, banku irizpideen arabera bulegoa ez zela errentagarria. Baina gogoratu behar da, Kutxabank-en oinarria eta jatorria Euskal Autonomi Erkidegoko instituzio publiko nagusiek sortutako aurrezki kutxak direla. Horregatik, Kutxabankek ezin du ahaztu eta albo batera utzi edozein egitasmo instituzionalaren helburu nagusia herritarrei zerbitzu ematea dela", azaldu dute udal erakundetik. Bilduren Udal Gobernuak aipatu eskaera eraman zuen atzo, azaroak 26, egin zen udal batzarrera. Bilkurak gehiengo osoz onartu zuen proposamena, koalizio soberanistak (7 zinegotzi), EAJk (7 zinegotzi) eta PSE-EEk (zinegotzi bi) alde bozkatu zutelako. PPko zinegotzi bakarra abstenitu zen. Argazkian, Kutxabank-en bulegoa Larrabasterran / © Sopelako Udala.