Nahikari Ayok bertsolaritza irakasten du eskoletan eta ikastoletan. Aurtengoa urte berezia da berarentzat hamargarren urtea delako zeregin horretan. Astean behin sartzen da Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailetan eta DBHko lehenengoan eta erakusten die zer den bertsolaritza, bere oinarriak, eta ahal den heinean egindako hori plazaratzen dute kalean. Getxoko Aixerrota Institutuko DBHko laugarren eta Batxilergoko lehenengo eta bigarren mailetan musika arloko bi proiektutan ere dago. Hasi zenean 200 bat ikasle zeuden eta gaur egun 800 bat. Bestalde, ALBE, Algortako Bertsolari Eskolan ere klaseak ematen ditu, Imanol Uriarekin eta Itsaso Payarekin batera, eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketan epaile, gai-jartzaile eta antolatzaile lanetan ibiltzearekin batera, aspaldi ez du publikoaren aurrean kantatzen, ikasleen aurrean bai. Berak adierazi bezala, “ikasle batzuentzat bertsolaritza gauza arraroa da, ez dakitelako nondik datorren, zertan datzan… Azkenean lortzen dugu guztiei gustatzea, modu batean edo bestean..eta nik bertsolaritza transmititzeaz gain, gustatzen zait esatea zuen herrian badaukazue, nahi baduzue, euskaraz bizitzeko aukera.. Nik, ahal dudanean, familiarekin, lagunekin… euskaraz egiten dut”.
Erabilera da gakoa
Nahikariren ustetan, "azken urteotan euskararen sustapen lanean asko aurreratu da herrian, nahiz eta oraindik erabilera hobetu behar". Ume eta nerabeei dagokienez, bertso irakasleak dio jakin badakitela, gramatika, hizkuntza kontrolatzen dutela… baina arazoa dela ez dutela erabiltzen. “Nik esaten diet beraiek ere beren aldetik jarri behar dutela eta hitz egin behar dutela… Ni saiatzen naiz transmititzen euskara ez dela bakarrik eskolako kontua, kaleko kontua ere badela” gehitu du itzubaltzetarrak. “Euskara Saria bezalako ekimenak ondo daude bultzada bat direlako. Aurten niri tokatu zait baina nik uste dut herrian badagoela euskararen aldeko lan handia egiten duen jende asko”, amaitu du Ayok.