Ostiral honetarako, azaroak 29, "terrorismoaren biktimak" omentzeko erakunde-ekitaldia antolatu du
Getxoko Udalak. Hitzordua 11:00etan izango da San Inazio plazan lekututako eskulturaren ondoan.
2009ko martxoko udal osoko bilkuran adostutakoaren ostean, 2010eko uztailaren 12an
ETAk hildako 17 pertsona omendu zituzten. Iazko deialdian, baina, "ETAk Getxo udalerrian egindako atentatuetan edo getxoztarrak izanik herritik kanpo hildako 19 pertsona eta GALek eraildako beste bat —Xabier Galdeano kazetari algortarrari buruz—" oroitzeko ekitaldia zela azaldu zuen Imanol Landa alkate getxoztarrak, "terrorismoaren biktima guzti-guztiak" omentzen ari zirela argumentatzeko. Besteak beste, aipatu zerrendan ez zen agertzen 1969ko Itzubaltzetako jaietan Francoren garaiko Getxoko udaltzain batek tiroz erail zuen Felix Arnaiz Maeso "Lagun" 20 urteko gazte leioaztarra. EAJ, PP eta PSE-EEren zinegotziek parte hartu zuten. Eta Bildukoak ez ziren agertu. Argazkian, Landa eskulturan lore sorta uzten iazko ekitaldian / © Getxoko Udala.