Jabier Martinezen kasuan, atzo egin zioten harrera Usansolon. Barne Ministerioaren arabera, "etxafuegoak botaz, txaloka eta presoen aldeko pankartak helduz" hartu zuten. Kasu horretan zein beste bostetan aipatutakoak Espainiako Kode Penalaren 578 artikulua urratu eta delitu direla iritzita, Fiskaltzak bi urteko espetxe zigor eskaerak egin ditzakeela aurreratu du Ministerioak, fiskalek txostenak irakurri aurretik.
Francisco Martinez Segurtasunerako Estatu idazkariak gaur azaldu duenez, "ETAko kide bat espetxetik ateratzen den bakoitzean", EAE edo Nafarroako Gobernuaren Ordezkaritzari jakinarazten diote, baliabideak prestatu eta "omenaldiak" ekidin edo, horiek egitekotan, komunikatu ditzaten.
Zuluetaren harrera
Astelehenean Carlos Urquijok salatu zuen "ETAko preso bati omenaldia" egin eta "ongi etorria" eman ziotela. Delegatuak egindako salaketaren arabera, Leioako ekimena 16:30ak eta 16:50ak bitartean burutu zen, "ikurrina asko zeramaten 40 pertsonak" parte hartu zutela. Tokian,"Zuluetaren argazkia eta 'Ongi etorri, Pagoa' leloa zeukan pankartatzarra" zabaldu zuten, baina bertaratutakoek ez zuten kontsignarik oihukatu, bertsio horren arabera. Delegatuaren ustez, Leioako ekitaldiak Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa Egiteko Legea urratu eta delitua izan liteke. Horren inguruan, Gobernuaren Ordezkaritzatik agindu zuten "zelatan jarraituko" dutela "terroristak goresteko eta biktimak umiliatzeko ekimenak egin ez daitezen". Bestalde, Donostian iganderako antolatuta dagoen Sevilla II espetxeko presoen aldeko manifestazioa ilegalizatzea ere eskatu du gaur Urquijok.