Gogoratu dutenez, joan den urteko omenaldiaren harira, Imanol Landa EAJko alkateari eskua luzatu zioten talde politiko guztien parte hartzea eta adostasuna lortuko zuen akordioa bilatzeko, gaur egungo Osoko Bilkuraren sentipena islatzen duena. Izan ere, 2009ko martxoko udal osoko bilkuran Getxoko Udalbatzak "terrorismoaren biktimei" omenaldia egitea adostu zuenean, EAJ, PP, PSE-EE eta Ezker Batua baino ez zeuden ordezkatuta aipatu erakundean, ezker abertzalearen ilegalizazioaren ostean. "Alkatetzatik 2012rako beranduegi zela baina 2013ra begira lanean hasteko aukera zegoela erantzun zitzaigun. Hala ere, ez dugu inolako saiakerarik ikusi eta berriz ere, Osoko Bilkuraren parte den EH Bildu taldea eta herri honen memoria historikoaren parte diren biktima batzuk baztertzen dituen omenaldia ospatuko da", azaldu du Getxoko EH Bilduk.
Amaitu dutenez, "Euskal Herria da urteetan luzatzen ari den gatazka honen biktima nagusia; horregatik EH Bilduko kideok Getxotik ere gatazkaren konponbide integralaren alde egiten saiatuko gara. Horretarako deia egiten diogu bai Osoko Bilkuraren parte diren talde politiko guztiei baita herriko eragile eta banakoei ere".
Gaurko ekitaldian EAJk, PSE-EEk eta PPk “indarkeria terroristak” eragindako biktimak soilik omenduko dituela kritikatu du