Udaletxe aurrean, San Inazio plazan gaur egindako ekitaldiaren bidez, "Getxon terrorismoak utzitako biktima guztien memoria aintzat" hartu nahi izan dituztela adierazi du Imanol Landa EAJko alkateak. "ETA eta GALen biktimak ditugu", gaineratu du. Ildo berean, 2009ko martxoko odol osoko bilkuran adostutakoari jarraiki, "horiek guztiak oroitzeko Getxok urtetik urtera egindako ibilbidea" nabarmendu du udal agintariak. Hala ere, kazetariek galdetu arren, ez da bestelako ikamikatan sartu nahi izan Landa. Izan ere,
Getxoko EH Bilduk goizetik iragarrita zeukan ekitaldian ez zuela parte hartuko, "ez zitzaiolako biolentzia ezberdinek eragindako giza sufrimendu osoari erreparatuko", Gainera, Getxoko Udalbatzak "terrorismoaren biktimei" omenaldia egitea adostu zuenean, EAJ, PP, PSE-EE eta Ezker Batua baino ez zeuden ordezkatuta aipatu erakundean, ezker abertzalearen ilegalizazioaren ostean. Marisa Arrue bozeramaile popularrak, bere aldetik, ekitaldian parte hartu ez izana aurpegiratu die koalizio ezkertiarreko kideei. "Kale borroka berriro goraka hasi den garai honetan, gaitzespen hitz soiletatik ekintzetara" igarotzera premiatu ditu. Arrueren adierazi du, "aste honetan bakarrik bost kale borroka eraso" izan direla,
Getxoko PPren Areetako egoitzan astearte goizaldean gertatutakoa ere gogora ekarrita. Horrekin batera, "irmoki" deitoratu du ezezagunek gaur goizean Barakaldo PPren egoitzaren kontra "molotov" koktelak jaurti izana. Argazkian, zinegotziak gaurko ekitaldian.