Getxon, Leioan eta Erandion ezarri ostean, amaitutzat eman da e-rezetaren hedapena Osakidetzak Uribe izenez ezagutzen duen eskualdean. Bizkaiko ezarpenik handiena da, 134.000 biztanle baino gehiago, 42 farmazia eta 7 osasun-zentro barne hartzen baititu, Eusko Jaurlaritzaren iturriek nabarmendu dutenez. Udalerri horiekin, dagoeneko 800.000 pertsona baino gehiagok, 111 udalerrik eta 299 farmaziak erabiltzen dute errezeta elektronikoa Bizkaian. Sistema berria "segurua, erraza eta eraginkorra" da. Hemendik aurrera, hiru udalerri horietako biztanleek ez dute paperezko errezetarik jasoko beren osasun-zentroetan, baina bai tratamendu-orria, non "modu argian" sendagaiaren izena, dosia eta tratamendua amaitzeko edo berrikusteko eguna ageri diren. Garrantzitsua da gogoratzea sendagaiak farmazian jasotzeko, ezinbestekoa dela osasun-txartela aurkeztea. Izan ere, orain, "errezeta txartelean dago", Iñaki Betolaza Jaurlaritzako Farmaziako zuzendariak esan bezala. "Osasun-arloko langileek eta farmazialariek zein herritarrek harrera ona egin diote errezeta elektronikoari". Horixe adierazi dute gaur goizean Betolazak berak eta Virginia Cortina Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialeko presidenteak. Getxo udalerriak dituen 26 farmazietako bat bisitatu dute, proiektua nola garatu den bertatik bertara ezagutzeko eta balantzea egiteko.