Era berean, Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendariak azaldutakoaren arabera, “Euskarak 365 egun” ekimenaren bidez euskaltzaleei plazara ateratzeko deia egin nahi izan diete antolatzaileek. Izan ere, euskararen normalizazioan euskaltzaleek egindako lanaren aldarrikapena egin nahi du Topaguneak eta etorkizunean ere, hizkuntzaren normalizazioari bultzada berri bat emateko deia egin die euskaltzaleei, bakoitzak bere lekutik (euskaltzale elkarteetatik, bestelako gizarte mugimendutatik, erakundetatik edo enpresatatik) euskaraz bizitzeko aukerak sortzen jarraitzeko deia. Ekimenaren izaera herritarra azpimarratu du Mendizabalek.
Durangon jaiotako ideia
“Euskarak 365 egun” ekimenaren kimua Durangoko Berbaro taldeak erein zuen 2011ko abenduan. Berbaro elkarteko zuzendari Maite Berriozabalek gogora ekarri du zerk bultzatu zituen Durangoko euskaltzaleak ekimena martxan jartzera: euskaltzaleek urte osoan egindako lanaren aitortza egin nahi zutela aipatu du Berriozabalek eta abenduaren 3a lan hori kaleratu eta areagotzeko baliatu nahi izan zutela. Ekimena Euskal Herri osora zabaltzeko proposamena begi onez ikusi zuten Euskal Herriko hainbat euskaltzale elkartek eta Berbaro taldearentzat pozgarria izan da Durangon hasitakoa Euskal Herriko txoko ezberdinetara hedatzea.
Euskal Herri osoan 50.000 kartel banatu dira eta euskaltzaleen babesa bilduko duen www.365egun.eu webgunea martxan da. Gune birtual horretan euskaltzaleek beraien argazkiak igo ditzakete atxikimendua adierazteko.
"Euskarak 365 egun" manifestua
365 egun bizitzeko, aldarrikatzeko, plazaratzeko, izateko, ospatzeko.
Abenduaren 3a hurbil dugu, 1949an Eusko Ikaskuntzaren ekimenez sortutako Euskararen Nazioarteko Eguna. Eta abenduaren 3a ere bizitzeko, aldarrikatzeko, plazaratzeko, ospatzeko eguna izango da euskaltzaleontzako.
Urte osoan zehar euskaraz bizi nahi dugunontzat eta euskaltzale garen guztiontzat egun garrantzitsua da abenduaren 3a, geurea delako. Baina hurrengo egunak, asteak eta hilabeteak ere garrantzitsuak direla ez dugu ahazten, horiek ere geure-geureak ditugulako. Euskaltzaleak biltzen hasi ginela urte asko joan dira jadanik eta herriz herri antolatuta gauden euskaltzaleok badakigu urte osoko ahaleginak ematen dituela bere fruituak. Euskarazko kulturgintza gozatzeko guneak sortu ditugu; euskaldunontzako harreman sareak ehuntzen dihardugu; sortu ditugun herri aldizkari eta hedabide ugariei esker, euskarazko informazio iturri hurbilak ditugu; aisialdi taldeen bidez haur eta gazteek aisialdia euskaraz gozatzeko guneak ditugu; era guztietako entitate eta erakundeetan euskaraz aritzeko eragile lana egiten dugu, eta; herriko euskal hiztunon komunitatea martxan jartzen dugu.
Euskaraz bizitzeko baldintzak sortu nahi ditugu eta horretarako euskaltzaleon ekarpena behar beharrezkoa da: espazioak sortzen eta geureganatzen, harreman sareak ehuntzen, ardurak eskatzen eta hartzen, botereguneetan eta inguru hurbilenetan eragiten. Euskaldun bizi gara eta euskaltzale gara urte osoan, eta hori aldarrikatu nahi dugu, 365 egunetan.
Euskararen egunak kalean bizitzeko gonbitea da hau, euskarak eta euskaldunok kalea hartzeko gonbitea. Urte osoa euskararen egun bihurtzeko eta aldarrikatzeko deia da hau, plaza euskaraz betetzeko deia. Biltzeko eta eragiteko proposamena da hau, geu izateko euskararen herrian.