
Gaur, larunbata, 50. urteurreneko ospakizun sorta luzearen eta oroimenez beteriko urte hunkigarriaren azken eguna izango dute
San Nikolas ikastolako sendia osatzen duten milaka irakasle, ikasle, guraso eta laguntzailek, egungoek zein izandakoek. 1963tik hona ibilitako historia zein urteurreneko ospakizunak biltzen dituen liburu berria aurkeztuko dute ikastolako kideek, ikastetxean bertan. Liburuan argazkiak, testigantzak, jarduerak eta aurten izandako ekintzak topatu ahal izango dira, bai testuan eta baita DVDak dakarren bideoan. Ekimena arratsaldeko 5etan hasiko da, ikastolako Parthenoian umeentzako puzgarriak eta tailerrak jarriko dituztela. 18:00etan, berriz, beheko areto gelan, gimnasioan, liburuaren aurkezpenari ekingo diote, aurretik Kimetz abesbatzak emanaldia eskainiko duela. Saio berean, bideoaren proiekzio laburtua izango da. Ekitaldiari eta 50. urteurreneko ospakizunei amaiera ofiziala emateko, dantza saioa izango da, 19.00etatik aurrera. Arratsalde osoan zehar liburua zein dvd-a eskuratzeko aukera izango da, eta musika zein zerbait dastatzeko eta hartzeko txosna ere izango da. Argazkian, San Nikolas ikastolako kideek nonahi izan dira urte honetan, tartean Unai Basurkorekin Antartikatik bueltatu zenean / © Valentin Basañez - Pakea Bizkaia.