Nazioarteko Trikitixa Jaialdia hartuko du gaur Areetak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko aza. 30a, 03:22

Trikitixaren zaleek egun zoragarria bizi ahal izango dute gaur Areetan. Izan ere, Bizkaiko Trikitixa Elkarteak sustatzen duen "infernuko hauspoaren" jaialdi internazionalak bere hamargarren urtemugara helduko da larunbat honetan. Horrezkero, Areetako Andres Isasi musika eskolak Irlanda, Portugal eta Euskal Herriko artistak hartuko ditu arratsaldeko 7etatik aurrera. Gainera, ospe handiko musikariak izango dira entzungai, hala nola, David Munnelly, Artur Fernandes, Maixa Lizarribar eta Alaitz Telletxea, Alboka Tropik eta Gari eta Iñaki. Hamargarren urteurrena borobiltzeko, aurten jaialdia bukatu ostean, erromeria ere izango da Algortako The Piper's tabernan, Aldats taldearekin. Bertara joateko autobusa doan izango dute jaialdiko ikusleek. Jaialdirako sarrera zortzi eurotan eskuratu ahal izango da 18:30etik aurrera, musika eskolako leihatilan bertan. Argazkian, David Munnelly trikitilari irlandarra AEBeko Ohio Estatuan emandako emanaldi batean / cc-by Cindy Funk.

Nazioarteko Trikitixa Jaialdiaren edizio honetan ere, aurreko urteetako ikuskizunen helburua mantentzen da; hau da, trikitixa jotzeko era eta estilo ezberdinak erakutsi nahi dira, baita trikitixa munduan zehar beste musika tresna batzuekin zelan uztartzen den ere. Horrela, Bizkaiko Trikitixa Elkarteak lantzen dituen ildoak jorratzen ditu Nazioarteko Trikitixa Jaialdiak. Batetik, irakaskuntza lantzen da; aipaturiko musika tresna, estilo eta jaialdian joko duten trikitilariak ezagutzera emanez. Bestetik, trikitixa bera sustatzen da; izan ere, jaialdi hau edozein publikori zuzentzen zaio (trikitixa ikasleei, trikitixa irakasleei, trikitixa eta orokorrean musika zaletuei, folklore zaleei, umeei, helduei, ... ).

Jaialdiko musikariak

David Munnelly (Irlanda)

David Munnely Belmullet-en jaio zen, itsaso ondoan dagoen Irlandako herri txiki batean. Bertatik mundu osora eraman du bere etxeko eta familiako tradizio musikala. Ezaguna da bere estilo koloretsu, moldaketa zail eta konposizio modernoengatik. The Chieftains, De Danann, Gerry O’ Connor, Arty McGlynn edo Sharon Shannon bezalako musikariekin parte hartu zuen eta esperientzia handia jaso ondoren bere musika taldea sortu zuen, “David Munnelly Band”. Talde honekin 4 diska kaleratu eta kontzertuak eskaini zituen mundu osoan zehar. Azkenaldian “Accordion Samurai” proiektuan dabil eta Mick Conneely-rekin batera diskoa argitaratu du.

Artur Fernandes (Portugal)

Artur Fernandes trikitilari eta trikitixa irakaslea da, musikari familia batean jaiotakoa eta gaztetan hainbat folklore taldetan parte hartutakoa. Musika tradizionala eta imajinatutako musika tradizionalaren artean kokatzen dira bere ekimen musikalak. Horrela “Danças Ocultas” taldearekin 6 diska kaleratu ditu eta hainbat herrialdetan kontzertuak eskaini ditu: Frantzia, Italia, Holanda, Belgika, Suezia, Kroazia, Serbia, Taiwan, Maroko... Portugaleko beste talde askorekin ere kolaboratu izan du.

Maixa Lizarribar eta Alaitz Telletxea (Euskal Herria)

Maixa Lizarribar eta Alaitz Telletxea aski ezagunak diren Gipuzkoako trikitilariak dira. Lehenak Ixiarrekin osatu zuen trikiti bikotea eta bigarrenak Maiderrekin, 90. hamarkadako talde arrakastatsuak izan zirelarik biak. Hamaika erromeri eta kontzertu eskaini zituzten eta kaleratutako diskoen kopia asko saldu zituzten. Nazioarteko Trikitixa Jaialdira talde horietako trikitilariak bakarrik eta elkarrekin datozkigu, pandero jolerik gabe.

Gari eta Iñaki (Euskal Herria)

Gari eta Iñaki, Zumarraga eta Urretxuko trikitilari bikotea da, Gari Lizarragak eta Iñaki Larrañagak osatzen dutena. 2001ean hasi ziren elkarrekin jotzen. Harrezkero, Euskal Herriko makina bat tokitan jo izan dute, festetan, erromerietan, afarietan edota eskenatoki gainean. Beraien trikitiaren ezaugarri nagusietako bat, kantuen eta musikaren bidez herri giroan sartu eta festa giroa sortzea izaten da.

Alboka Tropik (Euskal Herria)

Alboka Tropik hirukote bizkor bat da, paregabea, alboka-triki (Julie Mary), trumpeta- gitarra (Bixente Etxegaray) eta txülüla- panderoarekin (Elisabeth Dufour). Talde bizi honek erritmo herrikoietan sorkuntza garaikideak eskaintzen dizkigu. Presentatzen dute fandango, ezpata-dantza edota kalejira coktail eder bat kantuz josia pesta girora zuzen bultzatzen zaituena. Neurri gabe kontsumitzeko!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun