Berbodromoa egiten dabiltza gaur Areetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko abe. 2a, 12:37

Bihar, abenduak 3, izango den Euskararen Nazioarteko Egunari ongietorria emateko prestatzen ari da Getxo, hainbat jarduerarekin; horien artean gaur, astelehenean, izango diren Berbodromoarekin eta Argihizkiak erakusketaren inaugurazioarekin, Euskal Kulturaren XV. Jardunaldien barruan, Getxoko Udalak eta udalerriko hainbat elkartek antolatuta. Euskara kalera ateratzea eta euskararen erabilera indartzea helburu duen Berbodromoan, taldeka eserita, gaur berriketa lasaian arituko dira hurbiltzen direnak. Gai bakoitzarentzat 15 minutu izango dira eta gai baten eta bestearen artean, parte hartzaileak mahai batetik bestera mugituko dira eta horrela mintzakide desberdinekin hitz egin ahal izango dute. Ekimen honetan euskara ikasten ari direnak, zerbait dakitenak eta guztiz euskaldunak direnak bildu eta elkar ezagutzeko jai-giroan tarte atsegina pasatzeko aukera edukiko dute lau txandetan. Horien ordutegiak 09:00etan, 11:00etan, 17:00etan eta 19:00etan izango dira, Getxo Elkartegian, Areetan. Argazkian, berbodromoaren aurreko edizioetako bat / cc-by Egizu Getxo Euskaldun!

II.Argihizkiak literatura-lehiaketako 12 argazki eta horietan oinarritutako euskarazko testu labur onenak biltzen dituen erakusketa ikusi ahal izango da Algortako Kultur Aretoan, gaurtik abenduaren 31ra arte. Bestalde, Laurita Silesen “Gogoko tokian aldaparik ez! 20 esaera zahar” izeneko irudien erakusketa hilaren 23ra arte egongo da ikusgai Algortako Abian Kultur Elkartean. Etzi, asteazkenean, abenduak 4, “El euskera y los vascos en Argentina” solasaldia izango da Magdalena Mignabururen eskutik, Algortako Kultur Etxean, 19:30ean, oraingoan gazteleraz, euskarara inoiz hurbildu ez den jendea ere erakartzeko asmoz. Diasporaren arrazoiak eta euskaldunek Argentinako gizartean izan duten eraginaz mintzatuko da ikerlaria.

Pasa den azaroaren 28rako aurreikusita zegoen Irati Jimenezekin solasaldia, abenduaren 5era pasa da, toki eta ordu berean, hau da Algortako Kultur Etxean, 19:30ean, idazlea gaixo jarri zela eta.

Gaztelekuan 11 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendutako hainbat ekintza ospatzen ari dira eta abenduak 8, igandean, Itxartu Dantza taldeko 100 bat dantzari kalera aterako dira, kalejira baten bitartez, gure hizkuntzari, kulturari eta ohiturei bultzada emateko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun