Algortara helduko da bihar Bosteko arte erakusketa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko abe. 2a, 15:56

Bosteko 2013 arte erakusketa ibiltariaren XVI. edizioa Algortara iritsiko da bihar. Urtero bezala, euskal artisten obra garaikideak bildu ditu eta Zornotza, Arrigorriaga, Basauri eta Leioatik igaro ostean, bihartik aurrera Algortako Torrene erakustaretoak hartuko du jira bukatu bitartean, obrak abenduaren 3tik 29ra ikusi ahalko direla. Edizio honetan, Bizkaiko arte plastiko eta bisualen eremuan indarrez sartu diren artista gazteen proposamenak aurkeztuko dira. Egile horiek Juana Garcia Pozuelo, Alvaro Gil Soldevilla eta Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxek osatutako Sra. Polaroiska bikote artistikoa dira. Maria Ibarretxe izan ezik, guztiek Leioa eta Erandioko campusean ikasi dute. Garciak eta Gilek, Arte Ederretako fakultatean eta Arenzanak, berriz, Gizarte eta Komunikazio Zientzietako fakultatean. Halere, oso sortzaile ezberdinak dira, erakusketa honetan fikzioen irudikapenaren inguruan biltzen direnak. Hiru proposamenek oso "fikzio" ezberdinak erakusten dituzte, ikuspegi askotatik eta hainbat modutan. Oraingo honetan egin dituzten azken lanetako batzuk erakusten dituzte. Argazkian, Bostekon ikus daitekeen Sra. Polaroiskaren "Sleeping over plastic" ikuskizunaren fotograma bat / © Sra Polaroiska.

Bosteko 2013 erakusketa koordinatua da, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak diruz lagundua. Zornotza, Arrigorriaga, Leioa, Basauri eta Getxoko Udaletako kulturako arduradunen lankidetzari esker antolatzen da. Izaera ibiltaria dauka. 1998. urtetik hamaseigarren urtez segidan, arte garaikidea Bizkaiko Lurralde Historikoko udalerrietara hurbiltzen du. Zehazki, data hauetan ikusi ahal izango da:

• Algorta: abenduaren 3tik 29ra bitartean.

Artistak

Juana Garcia-Pozuelo

Juana Garcia-Pozuelo Logroñon jaio zen 1978an eta Bilbon bizi da 1996. urteaz geroztik. Arte Ederretan lizentziatua da, Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Arte Sormen eta Ikerketa masterra dauka, unibertsitate berean. Horrez gain, zenbait ikastaro egin ditu. Nabarmenenak New Yorkeko School of Visual Arts-en egindakoa eta Salzburgoko Summer School of Fine Art-en egindakoa dira. Esan behar da, bestalde, zenbait arte eta pintura mintegitan parte hartu duela Bilbaoarte Fundazioan. Orain dela gutxi hiri-esplorazioko ikastarora joan zen Mabi Revuelta artistarekin, Bilboko alondegian. Banakako zazpi erakusketa egin ditu Bilbon, Basaurin, Gasteizen eta Logroñon. 2001. urteaz geroztik zenbait erakusketa kolektibotan parte hartu du Espainia osoan, adibidez, desagertutako L’Oreal sarian, Alacanteko Diputazioa, Coruñako Maria Jose Jove fundazioa, eta Bizkaiko eta Errioxako hainbat lehiaketetan.

Eskuratu dituen sarien artean Bizkaiko Foru Aldundiaren 2012ko beka aipatu behar dugu, Bilbaoarte fundazioan egoiliar izan da bi aldiz, egoiliarra izan da Staten Island-eko Snug Harbor Cultural Center zentroan (New York-en), eta bi gazte sari jaso ditu Errioxako Parlamentuaren Pintura Lehiaketan.

Alvaro Gil Soldevilla

Alvaro Gil. Corella, 1986. Arte Ederretan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean. Gaur egun Bilbon bizi eta lan egiten du. Bilbon arte-ekoizpenean eta ikerketa-lanean dihardu. Gainera, doktoretza tesia prestatzen ari da, "El custom popular, construcciones transformativas de superficie en la periferia del arte" izenekoa, UPV/EHUren bekarekin.

Beraren lanak zenbait arte azoka, galeria eta museotan egon dira ikusgai: Swab, Just Mad, Louis 21, Raquel Ponce, Guggenheim Bilbao Museoa eta Huarte Arte Garaikideko Zentroa, besteak beste.

2012an Bizkaiko Foru Aldundiaren beka jaso zuen "Tuneando con Ikea" proiektua egiteko. Bestalde, Nafarroako Kultura Departamentuak beka bat eman zion "Bricolajismos y otros menesteres hechos a medida. Hágaselo usted mismo" izeneko egitasmoa gauzatzeko.

Alvaro Gilen prozesu artistikoak maila handiko eta txikiko kulturen arteko bereizketa auzitan jartzen du. Haren eraikuntzak kustomizazioaren kontzeptuan, neurrira egindako eraldaketetan, oinarritzen dira. Brikolajearen ikuspegitik abiatuta, emaitza ikusgarri eta ustekabekoak lortzen ditu. Beraren ikerkuntza DIY filosofiarekin (Do It Yourself, "Zuk zeuk egin") eta "kontsumo ezarekin" lotuta dago. Objektuak sortzen ditu, eta karkasa eraldatzaileak jarriz balio berria ematen die, formalki preziosista eta kontzeptualki kritikoa. Prozesu eta harreman jarrera honek, birziklatzearen eta muntatzearen bidez, forma konplexuak lortzen ditu. Artelan hauetan, izaera funtzionala eta estetika bat datoz, ustekabean.

Sra. Polaroiska

Sra. Polaroiska proiektua Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxe dira. Haien lana zine esperimentalaren, akzio-artearen, eszena-sormenaren eta koreografiaren ingurukoa da. Haien piezak anbiguoak dira, nahita izan ere. Gorputzari lotutako rolekin jolasten dute, ikuslearen begirada desorekatuz. Dantzaren eta arte eszenikoen ikerketan diharduen Ruemaniak kolektiboko kide dira biak. Euren lehenengo pieza 16 milimetrotan filmatu zuten. Berarekin Injuve 2003 saria eta soinu-bandarik onenaren Mecal saria irabazi zituzten. Hortik aurrera, beraien lanak zenbait arte zentro eta jaialditan erakutsi dira: CA2M, Montehermoso, Circulo de Bellas Artes Madrid, Bilboko Guggenheim, Bilbaoarte, Leuven-go Stuk Kulturcentrum , Estokolmoko Instituto Cervantes, Reina Sofia, Festival de Cinemas diferentes de Paris, besteak beste. 2008an A.I.R Laboratory egoitza-beka jaso zuten Centre for Contemporary Art Ujazdowski Castle-n, Varsovian, eta Bilbaoarteko egoitza-beka. Kimuak taldeko kide dira. "Ekspozycja 19" filma nazioarteko 40 jaialdi baino gehiagotan erakutsi dute. 2012an lehenbiziko Ertibil saria jaso zuten "Pilota Girls" piezarekin. "Lurraldeak eta mugak"en barruan esperientzia dokumental garaikideetan, IV. Maleabilidad…y ¡Revolución! 2013, parte hartzen dute.

Alaitz Arenzana. Bilbo, 1976. Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua, Euskal Herriko Unibertsitatea, 1999/2000. Postprodukzio Digitaleko masterra, CEV, Madril, 2000. Pascal Aubier tailerra, Nazioarteko Zine eta Telebista Eskola, EICTV, San Antonio de Los Baños, Kuba, 2003. "Retóricas de género. Políticas de la identidad. Performance, Performatividad y Prótesis" mintegian parte hartu zuen. UNIA. Sevilla.2003. Aldi berean, dokumentalak eta publizitate-spotak egiten ditu.

Maria Ibarretxe. Bilbo, 1977. Arte Dramatikoan diplomatua B.A.I.n eta Basauriko Antzerki Eskolan. Zuzendari ikasketak E.I.T.V.n egin ditu (San Antonio de los Baños/Kuba) eta zenbait mintegitan ikasi eta parte hartu du, besteak beste Meg Stuart, Beatriz Preciado, Dominique Mercy, Bojana Kunst, Jordi Cortes, Damian Muñoz eta Simone Aughterlonyrekin. Era berean, 2007. urteaz geroztik, Koen De Preter koreografo eta dantzariarekin batera lan egiten du Belgikan. Haren pieza koreografiatuak zenbait nazioarteko jaialditan aurkeztu dira eta lehenengo saria irabazi dute.

Erakusketaren txostena

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun