Eskubide Sozialen Karta aurkeztuko dute iluntzean Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko abe. 2a, 16:17

Eskubide Sozialen Karta eraikitzeko prozesua martxan jarri zen pasa den maiatzean Euskal Herrian, azken greba orokorra sustatu zuten jendarte eragileek eta sindikatuek dinamizatuta. Leioan Bagabiz plataformak deituta, gaur iluntzeko 19:30ean, leioaztarrek kartaren aurkezpena eta eztabaidatzeko bigarren saioa izango dute. Hitzordua Sakoneta kiroldegian jarri dute. Antolatzaileek aurretik zehaztu zutenez, "prozesu partehartzailean" datza ekimena, leioaztar "guztion parte hartzea ahalbidetzea" nahi dutela. Kartaren bidez, "Euskal Herrian aplikatzen ari diren politika neoliberalak goitik-behera aldatzea eta eraldaketa politiko eta soziala bultzatzea" nahi dute eskubide sozialen alde elkarlanean aritzen diren eragileek. Izan ere, "gehiengo sozial baten mesedetan egongo den eredu berri bat definitzeko beharrezkoak diren proposamen eta alternatibak jasoko lituzke" aipatu Kartak. Era berean, "Euskal Herriko erakunde ezberdinak interpelatzeko tresna litzateke, ezartzen ari diren politikak alda ditzaten". Argazkian, hilaren 5ean onartu zen Kartaren zirriborroa, Donostian burututako hirugarren nazio asanbladan. Ondoren, herri eta eskualdeetara bideratu dute eztabaida / © Eskubide Sozialen Karta.

Karta osatzeko prozesuaren hurrengo mugarria abenduaren 14ean burutuko den IV. Asanblada izango da. Bertan, Kartaren lehen bi atalak itxiko lirateke, hitzaurrea eta printzipioak. Hiru eta laugarren atalen eztabaidaren itxiera (eskubideak-aldarrikapenak eta tresnak), herri eta eskualdeetako eztabaidaren bilakaeraren araberakoa izango da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun