"Sevilla II SOS! Euskal presoen eskubideen alde" lelopean, milaka lagunek parte hartu zuten atzo eguerdian Donostiako kale nagusiak zeharkatu zituen manifestazioan. Larunbatean, berriz, berrehun lagun inguruk egin zuten kontzentrazioa Bilboko Plaza Eliptikoan. Izan ere, Moron de la Fronterako espetxeko gatibuek borrokaldia utzi arren, kaleko mobilizazioek eman zieten jarraipena haien eskubideen aldarrikapenari. Besteak beste, Algortan, Azken Ostiraleko deialdia berezia zela aldarrikatu zuten asteburu hasieran; Urtzi Paul Larrea getxoztarrak eta Sevilla II kartzelako euskal preso politikoek gose greba eta itxialdia utzi arren, haien eskubide urraketa mantentzen delako. Telletxe plazan 150 bat gizon-emakumek egin zuten kontzentrazioa. Horretan,
Sevilla IIko gatibuen eta, oro har, euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen defentsan jarraitzera deitu zituzten herritarrak. Horretaz gain,
Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" itzubaltzetarra kalera atera berria zela zabaldu zuten lau haizetara Algortan. Astelehenetik ostegunera izaten da kartelada, 20:00etan, Algortako Etorbidea eta Telletxe kalearen arteko bidegurutzean; eta ostiralero kontzentrazioa, 20:00etan, Telletxe plazan. Argazkian, Abian Kultur Elkarteak hartu zuen euskal errepresaliatu politikoekiko elkartasunaren adierazle den kriseilua.