Itxartuk 2.500 atleta batu nahi ditu Itziar López de Uralde oroi-lasterketaren 30. edizioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko abe. 3a, 13:04

Itziar López de Uralde Oroi-Lasterketak 30. urtea beteko du igande honetan, abenduak 15. Egun horretan 2.500 atleta baino gehiago bildu nahi dituzte, Itxartu Taldea kirol proba antolatzen duen elkarte algortarrak egindako aurreikuspenak betetzen badira. Memorialak, ohikoa denez, bi proba ditu, bata testigantzazkoa, lehiakorra ez dena, bi kilometrokoa, doakoa, eta bigarrena lehiakorra dena, Memoriala bera, 9 kilometrokoa, gazte mailatik beteranoetara biltzen dituenak. Azken horretan parte hartzeagatik 6 euro ordaindu beharko dira. Lehena 10:30ean hasiko da eta ordu erdi beranduago, 11:00etan bigarrena, Algortako Fadura udal kiroldegiko eraikin nagusiaren aurrean eta atletismo pistan amaitu. Proban parte hartuko dutela baieztatu duten korrikalarien artean dira, besteak beste, Aingeru Gutiérrez-Cabello iazko txapelduna, David García eta Francisco Javier Fontaneda beterano getxoztarra. Eta nesketan, Iraia García eta Belit Solar izango dira, besteak beste. Argazkia, atzoko aurkezpen ekitaldia / © Getxoko Udala.

Atzo goizean egin zuten lasterketaren aurkezpen ofiziala. Getxoko Udalaren babesarekin egiten den atletismo lasterketa Bizkaian tradiziorik handienetakoa duen lasterketa herrikoia da. Imanol Landa Getxoko alkateak nabarmendu zuenez, oroi-lasterketa “kirolarientzat ez ezik, oro har herritar guztientzat ere aukera ezin hobea da urteari agur esateko, modu osasuntsuan, kirola eginez, gure udalerriak dituen ezaugarri nagusietako bat delarik kirola. Eta, hain zuzen ere, Itziar Lopez de Uralde Oroi-Lasterketak kirol-jarduerari eska dakizkioken dohainak batzen ditu: tradizioa, parte hartzea, konpromisoa eta kalitatea, besteak beste. Guztiek laguntzen dute Getxon kirola indartzerako orduan, eta bereziki atletismoa. Ez da kasualitatea Getxo 2014ko Europako Kirolaren Hiria izendatu izana”. Horregatik guztiagatik, beste behin, Udalak lasterketa honekiko konpromisoa berretsi nahi izan du.

Itxartu Taldeko Ricardo Ansotegik, bere aldetik, Getxo Kirolak udal erakundearen laguntza eskertu nahi izan zuen “elkarteak, kirol taldeak zein ikastetxeak ere, tartean sartzeko ahaleginagatik, oroi-lasterketan parte har dezaten". "Kirol egitea aldarrikatzeko eta Getxo Kirolen eta udalerriko kirol elkarte guztien irudia indartzeko beste modu bat da”, azaldu zuenez. Bestalde, lasterketa antolatzen laguntzen duen Dimas Ramos Getxo Atletismo Taldeko buruaren hitzetan, “2.500 korrikalarien kopurua gainditzea marka litzateke”.

Sariak

Sarien atalari dagokionez, antolakuntzakoek, gizonezkoei zein emakumezkoei, 600 euroko ohiko lehen sari nagusia emango diete, lasterketako marka ontzeagatik aparteko 600 eurokoaz gainera. 300 euroko saria izango da lehen euskal atletarentzat eta 200ekoa Getxoko lehenengoarentzat. Testigantza-proban parte hartzen duten 18 urtez azpikoentzat dominak eta garaikurrak izango dira, elastiko teknikoa lasterketa nagusian parte hartzen dutenentzat eta Getxo Kirolak udal erakundeak bertako bizilagunen artean zozketatuko dituen zazpi sariak.

Inskripzio-kuota Caja Laboralaren bulegoetan ordaindu behar da. Izen ematea ostegunera arte, hilak 12, dago zabalik Getxo Kirolak udal erakundean, Getxoko zein herrialdeko kirol saltoki batzuetan eta www.itxartu.com webgunean.

Txikigune zerbitzua eta zaindegia

Antolatzaileek aurten ere Txikigune zerbitzua egokitu dute, doakoa, beren gurasoek lasterketan parte hartzen duten bitartean umeek jolasteko gunea izan dezaten. Txikigunea 10:00etatik 13:00etara egongo da zabalik. Horrez gainera, kirolariek zaindegia izango dut irteera tokitik hurbil, beren gauzak utzi ahal izateko lasterketa amaitu arte.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun