Lekua baino, lekuak
"Gabrielen lekua" elkarrizketa artistikoa izango da. Zuzeneko musikaz gozatu ahalko da, eta, Rafa Ruedak aurreratu zuenez, baliteke inprobisaziorako tartea ere egotea. "Irudiak sentikariak behar dituen paisaiak sortuko ditu, emozioari begira betiere. Musikak kantagintzara gerturatuko gaitu. Hitza bertso eta olerki moduan egongo da presente, alegia, inprobisazioa, sorkuntza propioa eta Arestiren beraren testuak oholtzaratuz. Eta antzerkiak gorpuztuko ditu kezka guztiak, teatro fisikoaren ildotik, betiere, umorez, ironiaz eta autoironiaz esango nuke", azaldu zuen Guillanek.
Arestiren bizitzan "funtsezkoak" izan diren lekuak ezagutzeko parada ezin hobea izango da. Haren obran "sinbolismo berezia" izan duten lekuek osatuko dute sentikari honen hezurdura. Tartean, Bilbo, Ea, Arantzazu, Baiona eta atzerria. "Sarri aipatzen dugun bezala, oraina ere leku gisa ulertuta, orainean topatu nahi dugulako zein den egun Gabrielen lekua".