Goizean goizetik elkarretaratzeak eta manifestazioak burutu dira ikastetxe, herri eta hainbat eskualdeetan eta jarraian milaka pertsonak hartu dute parte Bilbon, Donostia eta Gasteizen burutu diren manifestazio jendetsuetan. Grebara deitu duten ELA, CCOO, EILAS, LAB eta UGT sindikatuek, beste behin ere, patronalei eskatu diete Estatuko hitzarmena, "berehala alde batera utz dezatela" eta EAEko hitzarmena "bere osotasunean aplika dezatela". Era berean, hitzarmena berritzeko negoziazioari ekiteko eskatu dute, "inolako murrizketa planteamendurik gabe eta lan-erreformaren aurrean ikastetxe bakoitzean beteko denaren beharrezko bermeekin". Enpresek jarrera hori hartu bitartean "ez digute mobilizazioa beste biderik uzten", azaldu dute ordezkari sindikalek.
Modu berean, Eusko Jaurlaritzari dei egin diote gatazka honetan "duen ardurari" hel diezaiola eta "murrizketa politikak alde batera utz" ditzala, gatazkari konponbidea emango dion irteera aurkitzeko, "langileak sakrifikatu gabe eta hezkuntza sistemari eta lan-baldintzei egonkortasuna emanez". Gauzak horrela, bihar Gasteizen, Lakuatik Eusko Legebiltzarrerako tartea manifestazioan egingo dute irakaskuntzako langileek, goizeko 11:30etik aurrera, "Eusko Jaurlaritzari erantzukizuna eskatzeko eta Legebiltzarrean lantzen ari diren aurrekontuetan murrizketak alde batera utzi eta egoera honi ere irtenbidea emango dion baliabideak kontutan har ditzaten".
"Oso jarraipen zabala" izan du grebak gaur itunpeko irakaskuntzako gizarte ekimeneko ikastetxeetan. Izan ere, ELA, CCOO, EILAS, LAB eta UGT sindikatuek jakinarazi dutenez, milaka langile irten dira kalera lan-baldintza duinak eskatzeko eta EAEko hitzarmena aldarrikatzeko, "inolako murrizketarik gabe" eta "ikastetxe guztietan". Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako 250 ikastetxetan baino gehiagotan izan da protesta, bertan 12.000 beharginek lan egiten dutela. Irakasle eta langileek Eusko Jaurlaritzak,