Ordu berean hiru batzar deitu ditu asteazken honetan, abenduak 4, Alderdi Popularrak; hurrenez hurren, Itzubaltzeta / Romo-Areeta, Algorta eta Getxoko auzokideei zuzenduak. Horrenbestez, 19:30ean izango dira hitzorduak Getxoko PPren Zugatzarte Etorbideko egoitzan, Villamonteko kultur etxean eta Andra Mari kiroldegian. "Auzotarren iradokizunak lehen eskutik ezagutzeko antolatu ditugu bilkurak eta, batez ere, beraien proposamenak guregain hartzeko", azaldu du Marisa Arrue popularren bozeramaileak. Gaineratu duenez, "bizilagunak batzar hauetara etor daitezen eta beraien beharrak konta diezazkiguten nahi dugu, guk aipatu gaiak sakonean jorratu eta beraien kexuak Gobernu Taldeari helarazi ahal izateko; orain arte ez baitituzte kontuan hartu". Argazkian, Marisa Arrue Getxoko PPren bozeramailea, prentsaurreko baten artxiboko irudian.