Sopelari ofizialki "Sopela" deitu ahal izatea, gertu

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko abe. 3a, 20:18

Sopelako udalerria legalki "Sopela" izendatzeko izapideak bata bestearen atzean betetzen ari dira. Gaur, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Egunean, azkenaurreko urratsa eman dute horretarako Bizkaiko Batzar Nagusiek. Iraskunde Batzordeak Sopelako Udalak udalerriaren izen ofiziala "Sopela" izateko pasa den otsailean hartutako erabakia eta Euskaltzaindiak zein Bizkaiko Foru Aldundiak egindako aldeko txostenak berretsi egin ditu, EAJ eta EH Bilduren baietzaz. PSE-EE eta PPren batzarkideak abstenitu dira eta Arturo Aldecoa popularrak izen aldaketari "akatsa" iritzi dio, "Sopelana" hitza euskara zaharra delako eta herriak "orain dela 1.500 urtetik hona horrela deitu" delako. Orain, Bizkaiko Batzar Nagusien Osoko Bilkurak ere onespena ematea baino ez da falta sopeloztar euskaldun gehienek erabiltzen duten eta Euskaltzaindiak hobesten duen "Sopela" hitza ofiziala izan dadin.

2012ko azaroaren 29an Saioa Villanueva Sopelako alkateak Euskaltzaindiari gutuna bidali zion, udalerriko izen ofizialarekin lotura zuten txosten guztiak udaletxean jasotzeko asmoz. Euskaltzaindiak dokumentazioa bidali zuen, eta udalerriko izen zuzena "Sopela" dela berretsi zuen. Hortaz, Sopelako Udal Gobernuak izen aldaketarako prozedurarekin hastea erabaki zuen, eta proposizioa aurkeztu zuen urtarrilaren 21ean ospatu zen Euskara, Hezkuntza eta Kultura Batzordean.

Betitxe Saitua aipatutako batzordeburuak hala eskatu ostean, Xabier Kintana Euskaltzaindiako idazkariak eta Mikel Gorrotxategi Onomastika Batzordearen idazkariak batzordean parte hartu zuten. Bertan, alkatetzak izen ofiziala aldatzeko egindako proposizioa aztertu zen eta Euskaltzaindiak azken urteetan egindako hainbat ebazpen aztertu ziren:

- 1979an Euskaltzaindiak osatutako Euskal Herriko Udalen izendegian, Euskaltzaindiak onartu eta gomendatu zuen forma "Sopela" izan zen.
- 1986an berretsi egin zuen erabaki hori Euskal Herriko Euskal Autonomia Erkidegoko herrien izendegian.
- 1987ko urriaren 28an, Onomastika Batzordeko Idazkari eta Euskaltzaindiako lehendakariorde Jose Luis Lizundiak irizpena eman zuen eta Udal honetara bidali, Sopelako udalerriaren izenean euskal era akademikoa "Sopela" dela argituz, Sopela delako eskualdeko euskaldunek herria izendatzeko erabili duten ohiko forma, toponomastikaren arau orokorrari jarraituz, bokalen arteko n-a galduz. "Sopelana" izena, aldiz, udalerriari deitzeko "version romance" bezala izendatzen zen.
- 1997. urtean, Euskaltzaindiak irizpen berri bat eman zuen aurrekoa berretsiz.

2013ko otsailean, Bilduk eta EAJk, zinegotzien gehiengo absolutua, bat egin zuten Saioa Villanueva alkateak aurkeztutako proposamenarekin, nomenklatura "Sopelana"-tik "Sopela"ra bihurtzeko. Gauzak horrela, aldeko 14 botoz eta 3 abstentzioz (PSE-EE eta PPrenak) aurrera atera zen euskal grafia bermatzen duen toponimoa indarrean jarri ahal izateko testua. Urriaren 15ean, berriz, izen aldaketarako proposamena onartu egin zuen Bizkaiko Foru Aldundiak. Horrek Batzar Nagusiei helarazi die eskaera, izen aldaketa behin betiko onar dezaten. Batzar Nagusietako mahaiak tramitera onartu zuen proposamena eta gaur batzordean onartu da, Osoko Bilkuraren onespenaren zain.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun