Ateak zabaldu ditu Durangoko Azokak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko abe. 5a, 17:56

Durangoko Azokaren 48. edizioa abian da gaur goizetik. 10:30ean ireki dituzte Landako Erakustazokako ateak Gerediaga Elkarte antolatzaileko kideek, hedabideetako kamara askoren aurrean. Kanpoan ehundaka pertsona itxaroten, gehienak Euskal Herri osoko ikastetxeetatik etorritako ikasleak, Ikasleen egunean parte hartzeko prest. Ateak zabaldu ostean, ikasleak standetatik barreiatu dira, baita azokaren gainontzeko zazpi guneetatik ere. Goiz osoan zehar izan dituzte jarduerak, tailerrak, kontzertuak eta bestelakoak, guneek elkarlanean osatu dieten egitarauaren baitan. Inaugurazio ofiziala gaur arratsaldean izango da, Areto Nagusian, 18:30ean. Eskoziako (aurtengo herrialde gonbidatua) gaita soinuak eta Joxemari Carrereren ipuin-kontaketak (Jaun Zuriari buruzko kondaiarari buruz) osatuko dute ekitaldia. Gaurtik igandera bitartean Durangon bilduko dira euren lanak euskaraz publikatzen dituzten argitaletxe, diskoetxe eta enpresak, euskarazko kultur produktuen 48. azokan. Gerediaga Elkarteak garraio publikoa erabiltzeko gomendioa luzatu du, Durangoko aparkalekuak mugatuak direlako. Euskotrenek tren zerbitzu berezia eskainiko du abenduaren 6an, 7an eta 8an: 20 minuturik behin egongo dira Bilbo eta Durango artean, 17:00etatik 22:00ak bitarte. Gauez ere egongo da tren zerbitzurik. Argazkia: © Durangoko Azoka.

Landako erakustazokaren barruan 353 nobedade erakutsiko dituztenak. Gehienak liburuak (226), baina baita diskoak (68), aldizkariak (36), bideoak (5) eta bestelako argitalpenak (18). Hala ere, Azoka Kulturaren Plaza bihurtu nahi dute edizio honetan. Hori lortzeko zeresan handia izango du Ahotsenea guneak. Musika izango da, beraz, 48. edizioaren eskaintza nagusienetakoa, estilo askotariko euskal bakarlari nahiz taldeen kontzertuekin. Ahotsenea sortzaileen plaza da, eta euskarazko musika zein literatur lan berriak argitaratu dituzten sortzaileen esku jarriko du bere karpa beste behin ere. Gainera, aurten sekulako arrakasta izan du: izena emateko epea zabaldu eta 48 orduta eskasera bete baitzen zerrenda. Horrela, ordu erdiko emanaldiekin, 40 zuzeneko egongo dira, eta beste hainbeste solasaldi ere izango dira, txandaka zuzenekoak eta solasaldiak, 11:00etatik 20:30era jarraian.

Bestalde, Plateruena Kafe Antzokiak gaueko egitarau erakargarria prestatu du, eta egunero kontzertuak eskainiko dira. Gainera, Ahotsean lekurik gabe gelditu diren zenbait taldek Plateruenan jotzeko aukera izango dute goizez. Horrela, hamahiru zuzenekoz gozatu ahal izanen da Plateruenan, Azokako kontzertuen plazan.

Aurten Landakoren atzean ezarriko dute sortzaileei eskainitako espazioa. Ez da lekuz aldatuko den bakarra izango: ikus-entzunezkoei eskainitako Irudieneak Zugaza zinemetan hartuko du ostatu Azokako egunetan. Gainontzeko guneek leku berdinetan jarraituko dute eta denek egitarau zabala prestatu dute. Horien artean dira: Saguganbara, haur eta gazteentzat prestatutako gunea; Szenatokia, arte eszenikoen aretoa; eta Kabi@ teknologia berrien eta eduki libreen gunea.

Szenatokiari dagokionez, zortzi antzerki talde, lau eguerdian eta lau iluntzean, bakoitza hamabost minutuko tartean, bakoitza bere obra osoaren mokadu bat eskainiz. Szenatokian egingo duten antzerki maratoiaren egitaraua osatuta dago. Abenduaren 7an izango da maratoia, larunbatean, eta hauek dira antzezlanak: 12:00etatik 14:00etara, "Bidaia magikoa" (The True), "Traganarru" (Bada teatroa), "Kokakola eta Barea" (Xentimorik Gabe) eta "Inungane, sustraiak airean (Karrika). Eta 18:00etatik 20:00etara, "Mikrouhinak" (Silvia Manzana eta Jon Ander Alonso), "Epa!" (Demode Quartet), "Hala ere maite nauzu" (Taupada), eta "Zu ere On Kixote?" (Agerre teatroa).

Argizaiola saria

Bihar jasoko du William A. Douglass antropologo estatubatuarrak Durangoko Azokako Argizaiola saria. 20:30ean izango da sari-emate ekitaldia San Agustin Kultur Gunean. Mr. Basque ezizena jaso izan du Douglassek Euskal Herriarekin izan duen harremanarengatik. Antropologoa eta Nevadako Unibertsitateko Euskal Gaien Zentroko irakasle emeritua, 1963az geroztik Euskal Herrian hainbat landa lan egin ditu, batez ere Etxalarren (Nafarroa) eta Aulestian (Bizkaia). Amerikan eta Australian ere ikertu du euskaldunen presentzia. Gainera, Euskal Herriko gatazka armatua konpontzeko saioetan bitartekari lanetan aritutakoa da.

Ez da Nevadarekin lotuta zeresana emango duen kontu bakarra. Seguruenik aurtengo Durangoko Azokan irakurleek gehien espero zuten liburua atzo aurkeztu zen eta AEBetako lurralde hura dauka tituluan. Bernardo Atxagaren "Nevadako egunak" ozta-ozta iritsiko da aurtengo azokara. Renon egindako hamar hilabeteetan hartutako oharrak baliatuz “kronikatik nobelara” doan liburua idatzi du asteasuarrak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun