Aldarrikapenerako tartea ere izango da Durangon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko abe. 5a, 18:11

Hainbat eragilek astebururako deialdiak egin dituzte Durangoko Azokaren testuinguruan. Hortaz, aldarrikapen gune bilakatuko da aipatu herria datozen egunotan. Ostiral honetarako, abenduak 6, Independentistak sareak “martxa berdea” antolatu du 17:00etan Landako gunetik abiatuta. "Nahi dugulako, beharrezkoa dugulako, guk ere Bai Independentziari” lemapean egingo da martxa. Abenduaren 7an, larunbatarekin, Tantaz tanta, Olatua! herri mobilizazioa deitu du Olatua ekimenak. Iniziatiba hori Tantaz Tanta dinamikaren baitan sortu dute Durangoko hainbat lagunek. 15:30ean egin dute hitzordua Landakon eta bertatik abiatuko da kalejira Alde Zaharreraino, bertan “olatua” garatzeko. Euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen defentsan bultzada berri bat ematea da egitasmoaren xedea. Tantaz tanta, konponbiderako konpromisoa hartzeko eskatu diote euskal jendarteari. Abenduaren 8an, igandean, Libre dinamikaren baitan desobedientziarako deia egin dute ezkutuan diren lau gazte independentistei babesa emateko. Segiko kide izatea egotzita Espainiako Auzitegi Gorenera deklaratzera joateari uko egin ostean bi hilabete egin dituzte ezkutuan gazteek eta igandean Durangon agertuko dira maskarak jantzita. Herritarrei mozorrotuta joateko eskatu diete eta askegunea.com webgunean zintzilikatu dute mozorroa egiteko txantiloia. Argazkia: cc-by-nc txengmeng.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun