Leioako Udaltzaingoak ohartarazi du azken egunetan hainbat lapurreta eman izan direla kalean. Zehazki pertsona nagusiei bitxiak lapurtu diete, udal iturrien arabera. Holako kasu baten aurrean, edo susmoa badago, Udaltzaingora edota Ertzaintzara deitzea gomendatu dute. Azken egunotan, salaketa eta abisu ugari izan dira hirugarren adineko pertsonen artetik, kalean ezezagun batek egindako agur beroaren ostean euren bitxien falta sumatu dutenak, tokiko iturriek azaldu dutenez. Holako kasuetan, ezezagunaren agurra beroa izaten da, besarkada eta laztanez, eta momentu horiek aprobetxatuz lapurrak bitxiak kentzen dizkio biktimari. Gogoratu behar da inoiz ere ez dutela indarra erabiltzen lapurreta egiteko, trebetasunez aritzen dira biktima lapurretaz ez konturatzeko. "Normalean lapur hauek bakarrik aritzen dira, emakumezkoak dira, adin ertainekoak (24 eta 50 urte bitartekoak), atzerriko azentuarekin, eta euretariko batek urrezko hortza du", azaldu dutenez. Beraz, adineko emakumezkoei arreta eskatu die tokiko poliziak, eta holako jarrera susmagarriak ikusiz gero, Leioako Udaltzaingoa edota Ertzaintza jakinaren gainean jartzea eskatu du. Argazkia: © Leioako Udala.