Alde batetik, 60 metro koadroko azaleran bulego administratiboa ezarriko da. Zehazki gaur egun Pinuetako auzoan dagoen bulegoa, hau da, udal tramiteak egiteko zonaldeko herritarrek erabiltzen duten bulegoa. Bigarren erabilera txokoarena da. Eraikinaren 90 metro koadro herritarren erabilerarako zuzendutako auzoko txokoa izango da. Sukaldea eta jantokia prestaturik, edozein leioaztarrak, eta bereziki zonaldekoek, txoko hau erabiltzeko aukera izango du bazkariak, ekintza gastronomikoak edota sozialak egiteko. Modu honetan, Leioako hegoaldeko biztanleek iparraldekoek duten San Bartolomeko txokoaren antzeko udal zerbitzu batez gozatzeko aukera izango dute.
Eraikuntza lanak
Eraikuntza lanak ohiko sistemak erabiliz egingo dira, baina eraikina egin ostean jasangarriak diren hainbat sistema teknologiko ezarriko zaizkio eraikin berriari. Lan hauek zonaldeko egokitze lanekin borobilduko dira, zonaldeko urbanizazioa eta moldatu berri dagoen Dolores Ibarruri plazaren eta Gaztelubide parkingaren loturekin. Eraikina lurzorua baino gorago kokatuko da terraza baten bidez, nagusitasuna emateko. Gainera, pergola bat gehituko zaio, eta nola ez, berde gunea eta hainbat zuhaitz. Guztira 500.000 euro baino zer edo zer gehiago jarriko ditu Udalak proiektu hau aurrera ateratzeko, eta eraikin historiko hau herritarren esku jartzeko.