Oro har, udal gobernuak honako irizpideak hartu ditu kontuan proiektua egiteko orduan: baliabideak ahalik eta ondoen kudeatzea, larriak diren inbertsioak eta gizarte ongizateko inbertsio eta diru-sailak mantentzea eta indartzea. Halaber, sustapen ekonomikoa eta enpleguarentzat ere baliabideak handituko dira (enplegua sustatzeko bi programa propio sortzeaz gain, Behargintzarekin beste programa bat garatuko da). Gizarte Ongizatea eta Etxebizitza lehentasunezkoak izango dira. Horretaz gain, Udaleko Lanpostuen Zerrendan hainbat aldaketa proposatzen dira, Udalak orain arte bete ezin ziren hiru lanpostu betetzeko aukera izan dezan. Postu berriak honakoak izango dira: Zeharkako Ekintzetarako teknikoa (genero berdintasuna, hizkuntza normalizazioa eta herritarren parte-hartzea), liburutegiko tekniko bat eta liburutegiko atezain bat.
Aurrekontuen proiektuak ere herriko gazteriaren eskaerak ere aintzat hartu ditu, Sopela Euskal Herriko udalerri gazteenetakoa delako. Gainera, kulturan ere inbertsioa mantendu eta hobetzeko apustua egiten da, Kurtzio Kultur Etxeko programazioa indartuz, jaiak bultzatuz eta Sopelako herrigintzak antolatzen dituen jarduerak sustatuz. Euskara ere hainbat programaren bidez indartzen jarraituko da.
Inbertsioak handituko dira
2013. urtean Udalak pilatutako zor guztia amortizatu egin denez, tokiko erakundeak inbertsioetarako baliabide gehiago gorde ahal izango ditu. Guztira, ohiko gastuen %6,74 inbertsio errealetara bideratuko da. Portzentaje hori azken bost urteetan negatiboa izatetik positiboa izatera helduko da, gero eta handiagoa bihurtuz: 2009ean %0,19, 2010ean eta 2011n %-0,23, 2012an %4,07 eta 2013an %4,86.
Inbertsioen kapituluak guztira 889.987,43 eurokoa izango da. Inbertsio nagusiak honakoak izango dira:
- Kopururik handiena (250.000) Gatzarriñe kaleko bidegorria eraikitzen hasteko lanetara bideratuko da (Ander Deuna Ikastolara heltzen dena). Urte bitan egiteko lana izango dela aurreikusten da, 517.000 euroko gastuarekin. Aurrekontu proposamenean kostu osoa jasotzen da, 2014. urtean 250.000 eurokoa eta 2015. urterako 265.000 euroko kreditu-konpromisoa.
- Sopelako Udalak Irisgarritasun Plan bat abiatu du, eta ardatz nagusi bi izango ditu: oinezkoentzako gune berriak egokitzea eta espaloiak eta leku publikoak irisgarriagoak bihurtzea. Proiektuak 150.000 euroko aurrekontua gordetzen du.
- Loiolako alokairuzko etxebizitza publikoen proiektua zehazteko 75.000 euroko aurrekontua gorde da. Diru-sail honi aurreko aurrekontuetatik gordetako dirua gehituko zaio.
- Arriatera auzoan autobusetarako geltoki bat eraikitzea aurreikusten da, eta 15.000 euro gorde dira horretarako.
- Udal azpiegituren (30.259,63 euro) eta argiteria publikoen (80.000 euro) energia-lehiakortasuna hobetzeko aurrekontua ere gorde da. Diru.sail honetan argi publikoen kableen lapurretak saihesteko neurriak jartzen hasteko aurrekontua ere gordeko da.
- Umeentzako jolasen sarea osatzeko 50.000 euroko diru-laguntza aurreikusten da.
- Liburutegi berriaren proiektua garatzea aurreikusten da, eta 75.000 euro gorde dira horretarako. Aurreko aurrekontuetan gordetako dirua gehituko zaio kopuru honi.
- 2014. urtean zehar Arau Subsidiarioak berraztertzen ekingo dio Udalak eta HAPN berriaren idazketarekin hasiko da. Hurrengo lau urteetan, Udalak 600.000 euro eginkizun honetara gordetzea aurreikusten du, urtero 150.000 euro gordez. Hori dela eta, 2015, 2016 eta 2017 urteetarako kopuru horretako kreditu konpromisoak gordetzea aurreikusten da. Aurreko urteetako aurrekontuak ere gehitu beharko zaizkio. Udal Gobernuak etorkizuneko hirigintza-planteamenduetan garapen jasangarria bultzatuko du.
Horretaz gain, mantenimenduaren diru-saila 100.000 eurotan handitu da: Zipiriñe eskolan konponketak egiteko 20.000 euro bideratu dira, 50.000 euro errepide publikoetarako eta 20.000 euro ur eta saneamendurako.