Areto Nagusian, ordea, 17:30ean "The Basque Diaspora Webscape: Identity, Nation and Homeland. 1990s/2010s" aurkeztuko da. Herenegun San Agustin Kultur Gunean egindako ekitaldi hunkigarrian Argizaiola Saria jaso zuen William Douglassek idatzi du liburu hori, Pedro J. Oiarzabalekin batera. Beste aurkezpen asko egingo dira Areto Nagusian. Horien artean, bi itzulpenen: Alice Munro 2013ko Nobel Saridunaren "Zorion handiegia" eta Virginia Woolfen "Gela bat norberarena". Hain justu, lan horretan oinarritu da Itziar Okariz artista aurtengo Azokaren kartela diseinatzeko.
Ahotseneako eszenatokitik, berriz, Ukan Uribe Kostako taldea, Arrate Mardaras, Xabier Amuriza, Niña Coyote y Chico Tornado, eta beste hainbeste pasako dira. Irudienean, Kameratoia ikusentzunezko rallyaren saribanaketa egingo da (18:00). 24 taldek hartu dute parte edizio honetan, eta 48 ordu eskasetan egindako lanak aurkeztuko dituzte. Gainera, beste hainbeste film luze eta labur eskainiko dira, horien artean "Road to Memphis" dokumentala.
Azkenik, Saguganbaran txotxongiloak, tailerrak eta antzerkia egongo dira, eta Plateruenean, Korrontzik Azokaren azken kontzertua eskainiko du debalde 20:00etan.