Gabonak heltzear ditugu aurten ere, eta urtero legez auzokide ugarik hamaika erosketa egingo dituzte data hauetan: opariak, afari edo bazkarietarako jakiak, dekorazio elementuak, eta abar. Egoera horretaz jabetuta, kanpaina abiatzea erabaki du Sopelako Olentzero Batzordeak. Bertan elkartzen dira Udaleko ordezkariak, elkarteetakoak eta auzokideak, eta kezka agertu dute herriko saltokiak indartu behar direlako. Hori dela eta, dei egin diete auzokideei erosketak herriko dendetan egin ditzaten. "Izan ere, herriko dendak herriko osagai garrantzitsuenetakoak dira, ezinbestekoak herriko bizitza sozialerako, herriari bizitza emateko, enplegua sortzeko herrian... Beraz, Gabonak sasoi oso egokia izan daitezke bertan erosteko eta kontsumo arduratsuaren alde egiteko", azaldu du Sopelako Olentzero Batzordeak. "Gainera, herrian mota guztietako produktuak erosteko aukera izango duzu, prezio lehiakorretan eta dendari txikiek eskaintzen duten konfiantzarekin", amaitu dutenez. Argazkian, merkatari eta udal arduradunen arteko batzarra iaz udaletxeko sarreran / ©
Sopelako Udala.