De la Maza gaztearen aldeko herri harresia irudikatuko dute ostiralean Plentzian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko abe. 10a, 13:03

"Zubia betetzera goaz!" lelopean, ostiral honetan, abenduak 13, Plentziako Zubi Zurian herri harresia irudikatuko dute, baldin eta Xabier de la Maza Peña gazte gorliztarra "berriro eraman" nahi duten. Hitzordua 20:00etan jarri du Xabi Libre sostengu taldeak. Gauean, berriz, kontzertua izango da Danontzat gaztetxean, 22:00etatik aurrera. Barran lortutako dirua epaiketaren gastuei aurre egiteko erabiliko da. Urriaren 14an hasi ziren epaitzen De la Maza Espainiako Auzitegi Nazionalean, beste 39 neska-mutilekin batera. Bakoitzarentzat seina urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak, Segi gazte erakunde ilegalizatutako kideak izatea egotzita. "Abenduaren 18an lau urte beteko dira atxilotu zutela. Hori dela eta, ekimen baten bitartez berriro atxilotu nahi izanez gero Gorliz, Plentzia eta Uribe Kosta osoaren babesa izango lukeela ikustarazi nahi dugu", azaldu du Xabi Libre sostengu taldeak. Argazkian, gazteen kontrako epaiketa salatzeko urriaren 14an Gorlizen egindako mobilizazioa.

"Abenduaren 13an, arratsaldeko zortzietan Plentziako Zubi Zurian, Xabi inguratuz, zubia jendez bete eta herri harresia irudikatuko dugu. Erronka handia da eta aurrera eraman ahal izateko guztion laguntza behar izango dugu. Eskualdeak erantzungo du! Bide batez, sostengu taldearen izenean eskerrak eman nahi dizkiegu bideoan parte hartu duten komertzio, koadrila, kirol elkarte, taberna eta norbanako guztiei. Zuei ere, 13ko ekimenean parte hartzeko deialdia luzatzen dizuegu", amaitu dute.

543 egun preso

Gazte independentisten aurkako azkenaurreko sarekada 2009ko azaroaren 24an abiatu zuten Espainiako Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak, Fernando Grande Marlaskaren aginduetara. Goizaldean, 35 lagun atxilotu zituzten Hego Euskal Herrian, Segiko zuzendaritzako kideak zirela leporatuta. Egun hartan ez zen atxiloketarik izan Uribe Kostan.

Hurrengo hilabetean, abenduaren 18an, ordea, Xabi de la Maza Peña atxilotu zuen Espainiako Polizia Nazionalak Gorlizen, bere etxean. 21 urte zituen orduan De la Mazak. Aurreko sarekadaren harira "Xabierren izena epailearen autoan ageri zen, eta auzitegira aurkezteko asmoa zuen hori dela eta" azaldu zuen orduan Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Inkomunikazio egoera ezarri zioten de la Mazari eta kexka nagusitu zen senide, lagun eta auzokideen artean, "operazio horretan atxilotutako gazte gehienek tortura eta tratu txar ugari salatu" zituztelako. Ordutik, Gorlizen eta Plentzian atxiloketa salatzeko hainbat ekimen burutu zuten. Hiru egun beranduago, Marlaskak De la Maza espetxeratzea agindu zuen, Segi "erakunde terroristako kide" zelakoan.

Inkomunikazioa altxatu ostean, Xabierrek Poliziaren esku egondako egunetan "etengabeko mehatxuak eta irainak" jasan zituela salatu zuen. Bere gertukoek kontatu zutenez, inkomunikatuta igaro zituen hiru egun haietan "bere burua erruduntzat jotzea bilatzen zuten mehatxuez" aparte, gazteak "galdeketa ilegalak" jasan zituen. Gorlizetik Bilborako trasladoan, poliziek Sopelako hondartzara eramatearekin mehatxatu zutela salatu zuen, "bertan inor ez zegoelako eta berarekin nahi zutena egingo zutelako". Tortura salaketa horiek Alacanteko epaitegiaren aurrean berretsi zituen gazteak, 2010eko uztailaren 13an. Gainera, bera mehatxatu zuten agenteak identifikatu ahal izango zituela ziurtatu zuen gorliztarrak.

543 egun preso eta herritik ehunaka kilometrora eman ostean, eta senideek 30.000 euroko bermea ordainduta, 2011ko maiatzaren 28an kaleratu zuten Xabier de la Maza. Egun horretan egin zioten lehenengo harrera. Ekainaren 4an, berriz, ongi etorri ekitaldia egin zioten Gorlizko eta eskualdeko 200 auzotarrek baino gehiagok.

35/02 eta 26/11 sumarioak

Urriaren 14an hasi ziren epaitzen Xabier de la Maza Peña gazte gorliztarra Espainiako Auzitegi Nazionalean, beste 39 neska-mutilekin batera. Bakoitzarentzat seina urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak, Segi gazte erakunde ilegalizatutako kideak izatea egotzita. Horretaz gain, hilaren 17an abiatu zen 35/02 sumarioko epaiketa. "Herriko tabernen bitartez ETA finantzatzea" leporatuta, ezker abertzaleko 36 kide epaitzen ari dira Espainiako Auzitegi Nazionalean. Bost bat hilabetez iraungo dute 35/02 sumarioko epaiketaren ahozko saioek. 372 urteko kartzela zigorra eskatzen du Fiskaltzak guztira; zortzi eta hamabi urte arteko zigorrak bakoitzarentzat. Akusatuen artean dira Jose Luis Franco zein Maite Amezaga algortarrak eta Galdakaon bizi den Izaskun Barbarias urduliztarra. Karmelo Landa Leioa eta Erandioko campuseko Literatura irakaslea zein hainbat urtez Getxoko Udalean lan egin eta PPk bertatik kaleratu nahi izan zuen Sabin del Bado sondikarra ere auziperatuta daude sumario honetan.

Besteak beste, Franco eta Amezagari zortzina urteko kartzela zigorra eskatzen diete. Amezaga, adin txikiko bi seme-alabaren ama da eta eurak ez ezik, lanpostua bera ere utzi beharra dauka auzi saioetara joateko, Libre Getxon ekimenak salatu duenez. Bestalde, Jose Luis Francok ez du epaiketako saioetara joan beharrik izango, konklusioak ematen diren azken egunean ezik. Algortarra adineko pertsona bat da eta bere osasun egoera dela eta, deklaratu behar duen saioetara baino ez bertaratzeko eskabidea egin zuen.

Jose Luis Franco 2002ko apirilaren 29tik 2003ko urriaren 28ra bitartean preso egon zen Navalcarneroko (Madril, Espainia) kartzelan eta Maite Amezaga 1998an, sei hilabetez, Avilakoan 18/98 sumarioa dela eta.

Herriko tabernak

Halere, horiek ez dira Auzitegi Nazionalera joan behar izan duten lagun bakarrak. Izan ere, 35/02 sumarioko 36 auziperatuez gain, auzian sartutako herriko tabernak kudeatzen dituzten 110 kultur elkarteen presidenteak ere egon dira Madrilen, tartean zirela Josu Iratza, Christian Reinicke, Joserra Elkoroaristizabal, Angel Sedano, Josu Cerrato, Pedro Ruiz, Josu Iturburu eta Jon Aldatz Urdulizko Iretargi, Algortako Gorrondatxe, Leioako Kurkudi, Erandioko Hegoalde, Astrabuduako Egoki, Sopelako Mikelats, Itzubaltzeta / Romoko Branka eta Berangoko Sei Herri kultur elkarteen ordezkariak. Abokatuen eskaerari jarraiki, horiek ere deklaratu behar duten egunean eta azken saioan baino ez direla agertu beharko erabaki du epaileak. Akusazioen arabera "ETA finantzatzeko ezinbesteko partaide" izanda ere, elkarte horiek eta euren ordezkariak ez daude auziperatuta, baina sozietateen ondasunak bahitzeko arriskua dago.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun