Ertzaintzak 59 urteko gizonezko bat atxilotu du gaur goizaldean Erandion, agenteei erresistentzia eta desobedientzia delituak egotzita; baita horretarako baimena ez zeukan errebolberra eramatea leporatuta ere. 01:30 inguruan jakinarazi diote Ertzaintzari aipatu udalerriko taberna batean liskarra izaten ari zela. Komunikatzailearen arabera, bezeroei mehatxu egiten zebilen gizon bat. Eusko Jaurlaritzaren
Segurtasun Sailak zabaldu duenez, bertara helduta, liskarrean parte hartutakoak identifikatzen saiatu dira ertzainak: horietako bat agenteekin oso erasokor agertu da, identifikatzea saihestu nahian; eta tabernatik alde egiten ere ahalegindu da. Poliziak jotzen ere saiatu omen da. Atxilotzeko, borrokan ibili ostean, 38 kalibreko errebolberra aurkitu diote ertzainek 59 urteko gizonezkoari. Horretarako baimenik ez zeukanez, armak legez kontra edukitzea ere leporatu diote.