Getxoko Etorkinen Plataformak larunbat honetarako, abenduak 14, goizez, zurrumurruei aurre egiteko tailerra antolatuko du Algortako Urgull kaleko gaztelekuan. Bestalde, asteartean, hilak 17, “No somos delito” izenburuko solasaldia izango da Villamonteko kKultur aretoan, 19:00etan. Toki eta ordu berean, baina abenduaren 18an, 2013an aurrera eramandako zurrumurruen kontrako ekimenari eta "Ez esan lorokeriarik!" lelopeko kanpainari buruzko ebaluazioa aurkeztuko dute. Ekitaldiari amaiera emateko "Bizilagunak-Aldameneko familia" esperientziari buruzko bideoa proiektatuko da. Ostegunean, 19an, arrazakeriaren kontrako hip-hop tailerra izango da, Chojin rap-eroaren eskutik Utopian zentroan. Domingo Edjang Moreno da Chojinen izena, bere hitzekin indarkeriaren eta arrazakeriaren kontrako baloreak zabaldu nahi dituen rap afro-espainiarraren musikaria. Azkenik, abenduaren 20an, Utopian zentroko 112 ikaslek hainbat antzezpen aurkeztuko dituzte, “Ez da zurrumurru bat, arraza bat, gizakien arraza” lelopean.
Zurrumurruen kontrako estrategia
Utopian zentroko Arantxa Iurre da Udalak bultzatutako zurrumurruen kontrako estrategian parte hartu duen agentetako bat. Berak burututako saioetan ikasitakoa jakinarazi die zentroko gainontzeko irakasleei eta ikasleei. “Udalak antolatutako saioek erakutsi didate immigrazioari buruzko estereotipo negatiboei aurre egiten, agresibitaterik gabe eta era lasaian eta hori ikasleei helarazi diegu. Indarra eta balorea ere eman dizkidate horretan dabilen jendea atzeratuta dagoela agertzeko. Argi dago ez dagoela arraza hobeagorik eta niri indarra eta balorea eman dizkidate saioek horretan ari direnak atzeratuta daudela esateko. Arazoa beraiek dute ez guk, azaldu du. Amaitzeko, Elena Coria zinegotziak getxoztar guztiak gonbidatu ditu antolatutako jardueretan parte hartzera, “denon artean kulturartekotasuna ezaugarri duen eta immigrazioari buruzko zurrumurruei eta estereotipo negatiboei aurre egiten dien Getxo eraikitzeko”.
Jardunaldien kartela