Asteburu honetan, ostirala eta igandea bitartean, Areetako Divina Pastora itunpeko ikastetxe erlijiosoak
Caritasen aldeko Gabonetako elkartasun azoka hartuko du. Ekimena
Mikel Uriarte fundazioak sustatu du, 2010eko irailaren 8an Bizkaiko zubian ezbeharrez
hil zen Mikel Alexander Uriarte Gonzalez 22 urteko gaztearen omenezko elkartea, alegia. Fundazioak zabaldu duenez, azokan eskuratuko den diru guztia Caritas eliz erakundeak dituen jantoki sozialak finantzatzeko baliatuko dute. Gauzak horrela, etzitik igandera eta goizeko 10:30etik iluntzeko 8:30era, lagundu nahi duenak Areetako Gobela kaleko 17. zenbakian dagoen ikastetxeko patioa bisitatu ahal izango du. Mikel Uriarte fundazioa iazko maiatzean eratu zuten zendutako gaztearen gurasoek eta lagunek, jendarte laguntza eta elkartasun proiektuak babesteko. Izan ere, gaztearen heriotza dela eta epaitegiek ezarritako 116.244 euroko kalte-ordainetik ezer ez zuen hartu nahi izan familiak. Urte eta erdiko ibilbidean hainbat lagun eta kolektibo babestu ditu fundazioak, hala nola, Unax Cañibano ume leioaztarra, Aimar mutiko sopeloztarra, Eder Atxutegi 9 urteko mutil areatzarra, DYA, Caritas, Bilboko ume behartsuak, Coroideremiak kaltetutakoen elkartea edota Lions nazioarteko klubaren Otxarkoagako egoitza. Argazkian, Estudiantes saskibaloi taldeak Algortan duen
Hotzgailua zale taldeak iragarri du haiek ere bat egingo dutela azokarekin / © Estudiantes.