Plazaratzen duten hausnarketa ez da berria; modu batean edo bestean asko izan dira Getxo postaletarako herria izatearen kontra borrokatu dutenak: Ama Lurrarekiko errespetuagatik, etxe hutsen gaitzaren kontra, makroproiektuen kontra... Baina oraingoan “moduz operandi” izan da berria, artistikoa, originala eta desobedientea. Honi esker komunikabide handiek eta Erakundeek egiten duten blokeo mediatikoa gainditu ahal izan dute, ezinezkoa egiten baita Getxon inposatutakoaren alternatiba den herri ereduaren inguruko mezuak zabaltzea. EHBildun ere badakigu zer den blokeo mediatiko hori eta horregatik beharrezkoa ikusten dugu gure aldarrikapenak zabaltzeko bide berriak lantzea.
“Bahitzaileek” egiten dituzten eskaerak eta aldarrikapenak argiak dira; HAPOa mahai gainean dago eta horretatik ateratzen dena Getxoren eta getxoztarron etorkizuna baldintzatuko du datozen urteotan. Getxo eta bere biztanleok, interes ekonomikoak oinarrizko eskubideen gainetik gehiegitan jarri dituen politika kapitalistaren biktimak gara. Bai Lantaldean zein Plenoan edo beste foro “ofizialetan”, modu formalean aurkeztu izan dira “bahitzaileek” aipatzen dituzten hainbat eskaera. Hala ere, 30 urte baino gehiago Getxo gobernatzen dihardun EAJk, gorrarena egin du edo, are txarragoa dena, herritar horiei beraien iritziak erabakietan eragingo dutela sinestarazi die, erabakia etxe jeltzalean sukaldatu nahi dutela jakinda ere. Otsoa, ardi larruz estaltzen da.
Espero dugu ekimen honek bi norabidetan eragingo duela. Alde batetik, bideoan plazaratzen diren aldarrikapen guztiei (edo batzuekin behintzat) zilegitasuna ematen dioten guztiak aktibatu egingo zaretela/garela. Bestetik, EAJ entzutera behartuko duela, konturatu dadila ez zaiola merke aterako Herria berriz ere merke saltzea eta ausartu dadila hitza Herriari ematera. Badaki horretarako EHBilduren indarra (eta beraz gehiengoa) baduela; eman ahal diren pausoak errazak dira: Lantaldearen iritziak lotesleak izan behar dira eta HAPOa Herri Kontsulta batekin amaitu behar da.
EHBildutik aldarrikapen horiek udalean lantzeko konpromisoa dugu eta horretan dihardugu. Baina, argi daukagu herri mobilizazio eta presio sozialik gabe, gure lanak ez duela indar nahikorik. Herritar izateagatik eskubideak ditugun bezala betebeharrak ere baditugu. Kasu honetan, bideo honetan aldarrikapen legitimoak ikusten ditugun guztion betebeharra, modu batean edo bestean mobilizatzea da. Eskuin kapitalistak nahi bezala mugitzen den herri honetan, hobe gure esparrua eta kultura politikoa dena delakoa izanda, elkarrekin norabide berean presionatzen badugu: “Demokrazia behetik gora eraikitzen da”. Guztion esku dago.
Getxoko EHBildu