“Getxoko Sirenoa” izeneko irudiaren ebasketa "larritzat" jo zuen Imanol Landa alkateak, atzo plazaratutako gaitzespen oharrean, aipatu ekintzaren egileen "Getxoko herritarrekiko erabateko errespetu falta eta intolerantzia erakusten duelako".
YouTube sare sozialaren bidez zabaldutako bideoan, beregain hartu zuten aipatu irudiaren "bahiketa" horren egileek, Herri Antolakuntzako Plan Orokorraren (HAPO) berrikuspenaren inguruko eztabaida aldarrikatuz. Landa agintariak, ordea, zera aipatu du: "Berez burura etortzen zaidan galdera ondokoa da: nortzuk direla uste ote dute horiek izena galtzea dakarzkien traza horretako ekintza burutzeko?". Horrekin batera, bideoan aipatutako zinegotziei "erabateko babesa" adierazi die alkate jelkideak; eta gaineratu du, horiek guztiek, "botoen bidez, demokratikoki aukeratu zituzten herritarren babesa eta legitimitatea" daukatela beraien jardunean. Argazkian, "Getxoko Sirenoa" Algortako Portu Zaharrean, "bahitua" izan aurretik / © Getxoko Sirenoa.