2013ko Gabon zahar gaueko kanpai-hotsak Bizkaiko Zubitik emitituko ditu ETBk, aurten bere 120. urteurrena ospatzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko monumentu entzutetsuena eta Gizadiaren Ondarea den aldetik. Getxoko eta Portugaleteko udalek, El Transbordador de Vizcaya SL enpresak eta ETBk lankidetza-hitzarmena sinatu dute jarduera hori aurrera eramateko. Saioaren grabazioa gaur bertan egingo dute, 20:00etatik aurrera. Lankidetza-hitzarmen horren arabera, grabazioa egingo den lekuan pantaila ipiniko dute, erlojuarekin, su artifizialak jaurtiko dituzte, Bizkaiko Zubiak argiztapen berezia biztuko du eta bi itsasontzi kontratatuko dira. Halaber, erakunde horiek ikuskizuna grabatzeko eta muntaketa egiteko antolaketan eta koordinaketan parte hartuko dute. ETBk, bere aldetik, Bizkaiko Zubiaren, eta Getxo eta Portugaleteko udalerrien kolaborazioaren berri emango du saioan zehar eta bi udalerriei buruz eta dituzten baliabide eta eskaintza turistikoari buruz ere aipamen bereziak egingo ditu. Argazkian, joan den ostegunean aurkeztu zuten ekimena / © Getxoko Udala.