Berrehun ume baino gehiago espero dituzte Sopelako saskibaloi kopan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko abe. 13a, 11:44

Sopelak kirolez gainezka egingo du abenduko azken asteburu bietan. Umeei zuzendutako ekintzak izango dira batez ere, eta Urko kiroldegian burutuko dira, Larrabasterran, udal iturriek aurreratu dutenez. Hilaren 21ean Basket Eguna ospatuko da, Ugeraga Saskik antolatuta, eta Sopelako Udalaren lankidetzarekin. Egun osoko egitaraua egongo da. 09:00etan umeentzako txapelketak hasiko dira: preminibasket eta minibasket hain zuzen ere. Parte hartuko duten taldeak honakoak izango dira: Ander Deuna Ikastolako talde biak, Zipiriñe eskolako hiru taldeak eta beste udalerri batzuetako taldeak. Bitartean, zelaiaren beste zatian beste kategoria batzuetako erakusketa egongo da. Era berean, bigarren urtez, Sopela Kopa egingo dute abenduaren 21ean eta 28an. 200 ume baino gehiago elkartu ziren iaz, eta aurten kopuru hori gainditzea espero dute. Antolatzailea Ugeraga taldea da, Sopelako Udalarekin batera, eta kimu eta benjamin kategorietako jokalariei zuzenduta dago. Goizeko 10etan izango dira lehenengo partidak, eta besteak beste, honako taldeek parte hartuko dute: Ugeraga, Ander Deuna Ikastola, Zipiriñe, Barrika, Urduliz, eta abar. Argazkian, Bilbao Basket taldeko jokalari bat umeekin jolasean, artxiboko irudian.

Hilaren 21eko Basket Eguneko norgehiagoken ordutegia honakoa izango da:

11:15 Emakumezkoen kadeteak.
13:00 Emakumezkoen juniorrak.
16:00 Ugeraga, Zipiriñe eta Ander Deunako talde guztien aurkezpena.
17:00 Gizonezkoen kadete eta juniorrak.
18:25 Emakumezkoen lehen mailako ligaren senior partidua.
20:20 Bigarren mailako ligaren senior partidua.

Egun osoan zehar, giroa alaitzeko musika egongo da, speakerra, hamaiketakoa parte-hartzaileentzat, eta abar.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun