"Argi utzi nahi dugu egun horretakoa ez dela bakarrik izango manifestazio handi bat. Oso gauza bestelakoa izango da: itsaso bat, milaka eta milaka tanta, sakabanaketaren amaiera eskatuko dutenak", aurreratu dute Tantaz Tantakoek. Beraz, ez da ohiko ibilbide bat izango, ez ohiko pankarta bat, ez politikarien adierazpenik, ez bukaerako komunikaturik... "Herritarrek konponbideen alde egindako ekintza handi bat izango da, egun guztia iraungo duena eta marea bezala zabalduko dena, ez bakarrik Bilboko kaleetan, baizik eta testuinguru politiko guztian eta gizarte guztian", gaineratu dute. Urtarrilaren 11n ez dute "blokerik" nahi: "Ez dugu nahi mobilizazioa alderdi batek beste bati eraso egiteko aitzakia bihurtzerik. Deia pertsonei egin diegu, tantei, ez siglei, baizik eta izen-abizenak dituen pertsona bakoitzari. Egun horretan herritarrak aterako dira kalera". Ekitaldiak goizeko 11etan hasiko dira, Areatzan, eta 22:30ean bukatuko dira. Itsasoa 17:30 aldean hasiko da sortzen, eta handik ordubetera iritsiko da une gorena.
Sakabanaketaren kontrako itsasoa
Tantaz Tantaren iritziz, "Europako Giza Eskubideen Auzitegiak emandako epaiak berretsi egin du herri honen gehiengo sozialak aspalditik esandakoa: 197/2006 doktrinak presoen giza eskubideek urratzen zituela, bidegabea zela eta nazioarteko antolamendu juridikoaren kontrakoa. Eta Gobernuak preso horiek askatu beste aukerarik ez du izan, Europatik errieta egin baitiote". Orain, berriz, "urgenteena sakabanaketari amaiera ematea" da, adierazi dutenez, "sufrimendua eta presoen eta senitartekoen giza eskubideen urratze sistematikoa eragiten dituelako".
"Sakabanaketa arbitrarietate politikoa da, eta, gaur egun, egoerak okerrera egitea beste helbururik ez du. Beraz, herri honen gehiengo sozialak ez du bide horretatik joan nahi. Giza eskubideak nahi ditugu, konponbideak, bakea. Sakabanaketaren amaiera nahi dugu", aldarrikatu dute. Horrenbestez, dei egin diete herritar guztiei "itsaso honekin" bat egin dezaten. Horretarako, "tanta bihurtzeko gonbidapena" zabaldu dute beraien webgunean: "Izan zaitez tanta" banner-ean klik egin, eta zuen datuak eman. Besterik ez.